Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak koronabirusaren hedatzea sahiesteko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hezkuntza zentro guztiak, haur eskoletatik unibertsitateraino, ixtea erabaki dute martxoaren 23ra bitartean. Erabakiaren arabera ikasleek ez dute bere zentroetara joan behar, baina hezkuntza langile guztiek beren lanpostuetara joan beharko dute.

Kezkagarria deritzogu ikastetxe guztietan, publiko zein pribatutan, eta unibertsitateetan dauden irakasle, hezitzaile eta langileek bere lanpostura joan behar izateari, salbuespen egoera honetan hezkuntza zentru guztiak itxita daudenean.

Muturreko egoera honetan STEILASek kontzililazio eta prebentzio neurriak sustatzea eta ahalbideratzea ezinbestekotzat jotzen du. Horrela Hezkuntza Sailei, ikastetxe pribatuetako titularrei eta unibertsitateetako agintariei ondorengo neurriak edo antzekoak hartzea eskatzen die, besteak beste:

  • Telelana bultzatzea eta ahalbidetzea.
  • Ikastetxeek antolatzeko autonomia izatea.
  • Gutxieneko zerbitzu minimoak antolatzea ikastetxeetan.
  • Jardunaldi jarraia ahalbidetzea.
  • Pertsona kalteberak aintzat hartzea.
  • Indarrean dauden behin behineko kontraturik ez etetea.

Baina aurrean duguna osasun-, gizarte eta ekonomia-krisia da, gizarte esparru guztiei eragiten diena eta horrek muturreko neurriak hartzera behartzen ditu gobernuak. Horrela, STEILASek bere egiten ditu zenbait sindikatuk eta jendarte eragilek proposatutako neurriekin:

  • Osasun-zentroetan (hiri eta landa-zentroetan) behar adina giza baliabide eta baliabide material bermatzea, pazienteak koronabirusaren bidez diagnostikatu eta artatzeko. Halaber osasun zentro pribatuetako baliabideak sistema publikoaren menpe jartzea.
  • Osasun publikorako aurrekontua handitzea, unibertsala eta kalitatekoa izan dadin.
  • Kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatzea. Osasuna ez ezik, hezkuntza, garraioa, energia eta ur-hornidura ere beharrezkoak dira horrelako krisi bati aurre egiteko.
  • Langileen lan eskubideak, babes soziala eta osasun laguntza bermatzea, bereziki lan baldintza prekarioak dituztenei.
  • Haurren kargura dauden familientzako laguntzak ematea eskolako koarentena-aldi osoan. Halaber, laguntza ekonomikoa bideratzea zaintzagatik diru sarrerarik gabe geratuko direnentzat.
  • Estatuaren diru-sarrerak handitzea, dirutza handiei eragiten dieten zerga-neurrien bidez eta zerga-ihesaren aurkako borroka handituz.
  • “ERE” eta “ERTE”ak geldiaraztea. Ez dugu onartuko euren kalteak langileei eragiterik.

STEILASek exijitzen die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ekimena har dezaten pandemiari aurre egiteko baita osasun publikoa zein herritarren osasuna babesteko ere, langileen lan balditzetan kalterik sortu gabe.