2020ko maiatzaren 11ko Mahai Negoziatzailea

Atzoko Mahai Negoziatzailean enpresaren ordezkari bezala Zorione Etxezarraga (gerentea) eta Begoña Barranko (Pertsonal burua) egon ziren. Eusko Jaurlaritzako ordezkaria, Eugenio Jimenez, bileran ez egotea adierazgarria bezain salagarria iruditu zitzaigun, bizi dugun momentua kontuan hartuta. Zoritxarrez, Haurreskolak Partzuergoko gerenteak ez zituen zalantzak argitu eta, eskakizun zehatzak erantzun gabe uzteaz gain, zalantzak areagotu besterik ez zituen egin bilerak. Gai hauek jorratu genituen:

Haurreskolak Partzuergoko matrikulazio kanpaina maiatzaren 18tik aurrera egin nahi dute, eta horretarako beharrezko baliabide guztiak prest omen dituzte. Hala ere, epea jakinarazi ahal izateko Zuzendaritza Batzordea bildu behar da, eta bilera horretarako deialdia (Cristina Uriartek egin behar duena) gauzatu gabe dago.


Izen ematea on-line egitea lehenetsiko da. Dena den, haurreskoletan matrikula aurrez-aurrez egiteko aukera ere egongo da. Ohi bezala, haurreskolako lan taldeak egin beharko du lan hori, enpresak aurrerago jakinaraziko lituzkeen baldintzetan.

Sindikatuok behin eta berriz salatu genuen matrikulazio kanpainarekin erakutsi duten utzikeria. Hezkuntza Sailburuak dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten 0-3 etapa eskaintzen duten zentro pribatuei matrikulazio epea onartzea Haurreskolak Partzuergoko izen ematea blokeatuta duten bitartean onartezina dela deritzogu sindikatuok. Gainera, gogor salatu genuen Cristina Uriartek pasa den asteko agerraldi publikoan Haurreskolak Partzuergoari buruz egindako adierazpenak, eta zuzenketa publikoa egiteko beharra adierazi genien atzo enpresako arduradunei.

Urteroko prozedurak (Lanpostuen Zerrendak, LAL, esleipenak): egoeraren garapenaren baitan daude momentu honetan. Gainera, haurren izen emateak ere baldintzatu egiten ditu. LALa urte bat eta esleipenak abuztura edo irailera atzeratzea posible ikusten du enpresak. Gai hauen etorkizuna, beraz, zalantzaz beteta dago.


Ordezkapenak eta ordezkoen egoera: gerenteak eta pertsonal buruak Haurreskoletan haurrei arreta zuzena eman arte ordezkapenak ez direla beteko baieztatu zuten behin eta berriz. Egoera honek ordezkoei sortutako kalteen konpentsazioari buruz hitz egiteko momentua ez dela adierazi ziguten. Datorren ikasturteko baremazioan negoziatzeko aukera egotea posible ikusten dute. Sindikatuok behin eta berriz adierazi genien ez dugula onartuko egoera honen kalteak langileek ordaintzea. Gai hau ez dago itxita, lanean jarraituko dugu.

Haurreskoletara buelta: noiz eta nola bueltatuko garen ez dago batere argi. Langileentzat eta familientzat prebentzio planak eskatu dizkiogu enpresari, baina oraindik ez dituztela prest esan digu. EPIak (eskularruak, maskarilak, hidrogelak eta termometroak) erosi omen ditu haurreskoletan banatzeko baina ez daki noiz iritsiko diren. Ez ziguten argi azaldu Osasun Saila, Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoaren artean zein elkarlan mota dagoen.

Haurreskoletara bueltatzeari buruz atzo izan genuen inpresioa adierazgarria izan zen oso. Entzuten genuenagatik, bueltatzeko erabakia kriterio ekonomikoetan oinarrituta hartu du Hezkuntza Sailak, jakin gabe buelta osasun kriterioak haintzat hartuta gauzatu daitekeen edo ez. Ikaragarria iruditu zitzaigun jarrera hori.

STEILASek argi adierazi du kudeaketa langileek eta hezitzaileok haurreskoletara lanera bueltatu nahi eta behar dugula, baina hori ezin da egin langileon, familien eta haurren osasuna jokoan jarriz, babes neurriak eta prebentzio plan seguruak izan arte.

Beraz, kezkagarriak iruditu zitzaizkigun erantzun asko, zehaztasun gutxi izan genituen. Lanean jarraitzeko gure prestutasun guztia adierazi genien behin eta berriz enpresako arduradunei, egoerak eskatzen duen elkarlana balorean jartzeko eta aldebakarrez hartutako erabakiak baztertzeko. Lanean eta informatzen jarraituko dugu.