STEILASen ustez, enpleguari eusteko akordioan jasotako edukiek nabarmen hobetzen dituzte gizarte-ekimeneko ikastetxe pribatu itunduetako langileen lan-baldintzak.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak duela gutxi onartu du itunpeko ikastetxe pribatuei, gizarte-ekimenekoei zein ikastola pribatuetakoei, laguntzak emateko deialdia, enpleguari eusteko eta plantillak gaztetzeko.
Joan den otsailean, STEILASek, ELA, CCOO eta UGTrekin batera, akordio bat sinatu zuen Hezkuntza Sailarekin, “Enpleguari eusteko eta irakaskuntzako plantillak gaztetzeko, datozen urteetan beherakada demografikoa aurreikus daitekeelako”, Gizarte Ekimeneko ikastetxe pribatu itundutako sektorean. Akordio hori Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak “greba amaitzeko akordioa” sinatu zuten sindikatuekin eta patronalekin hartutako konpromisoaren ondorioa da. “Greba-amaierako akordioa”k amaiera eman zion sektoreko milaka langileren borrokari, 29 eguneko greba barne eta oso onarpen maila handia izan zuen langileengan eta eragindako zentroetan.
Joan den otsailean sinatutako akordioak sektoreko zentro guztiei eragiten die, eta akordioaren ardatz gisa hitzez hitz honakoa jasotzen da:
-
Irakasleen enpleguari eustea, ikasgela-kopurua murriztearen ondorioz lanpostua galtzen duten irakasleen birkokapena bermatzea.
-
Irakasleen belaunaldi-erreleboa erraztea, adin handieneko irakasleen erretiro partziala eta irakasle gazteenen sarrera erraztuz: erretiro partziala eta administrazioaren laguntzarekin egindako erreleborako kontratua.
Akordio horretan, irizpideak zehazten dira, erabat objektiboak, bai itundutako ikasgelak gutxitzearen ondorioz lanpostua galduko duten langileak zehazteko, bai langile horiek sortzen diren lanpostu hutsetan birkokatzeko; eta, aldi berean, lanpostu hutsak zein diren argitzen da. Aipatzen da, halaber, langile bat birkokatu ezin bada eta hala eskatuz gero, Administrazioak bere gain hartuko duela legezko kalte-ordaina.
STEILASek oso argi du bi akordioek hobekuntza nabarmena ekarriko dutela sektoreko langileen lan-baldintzetan, eta funtsezko tresnak izango direla sektoreko enpleguari eusteko eta ehunka langileri erretiro partziala lortzeko aukera emateko. Kaleratzeak zehazteko eta lanpostu hutsak betetzeko irizpide objektiboak aplikatzeak izugarri mugatzen du ikastetxeen titulartasunak diru publikoa erabiliz kontratatzeko eta kaleratzeko duen gaitasuna. Beraz, STEILASetik akordioaren sinaduraren bidez gure betiko aldarrikapenetariko bat babestu dugu. Horregatik, Kristau Eskolak akordioa aplikatzeko oztopoak jarri nahi ditu.
STEILAS, dagoen tokian, langile guztien lan-baldintzak eta soldatak hobetzeko borrokatuko eta ahalegin guztiak egingo ditu batasun sindikala bultzatzeko, hori baita langileok daukagun borrokarako tresnarik baliotsuenetakoa.
Era berean, STEILASek oso argi ditu zein diren gure hezkuntza-sistemaren lehentasunak. Sistema publikoa indartzea. Eta horrek esan nahi du inbertsioa Barne Produktu Gordinaren %6ra igo behar dela hezkuntza publikoan, sistema publikoa desberdintasunari eta bereizketa ekonomiko-sozialari aurre egiteko behar diren baliabideez hornitzeko. Soilik horrela, gutxitu ahalko da PNV eta PSOEren gobernuek, hezkuntza-sektore oso zehatzekin batera, sustatzen duten hezkuntza-sistema pribatizatzailea.
Euskal Herrian, 2020ko maiatzaren 28an
Leave A Comment