STEILASek berresten du 2018ko maiatzean sinatutako akordioa. Akordioaren helburu nagusietako bat gure hezkuntza-sistemaren bitartekotasun-tasa murriztea zen. Sindikatuaren proposamenak, ildo horretatik, interinitate tasa murrizten laguntzera bideratu ziren. Ardatz nagusietako bat, berdintasun-irizpideak kontuan hartu gabe, zerbitzu eginkizunen bidez betetzen diren plazen kopurua murriztea zen. Zerbitzu-eginkizun horiek, 1.000 plaza inguru, bitartekotasun handia dakarte: batetik karrerako funtzionarioak estruktural diren bi plaza  betetzen dituztelako eta bestetik, horren ondorio, plaza horiek ezingo direlako  lekualdatze-lehiaketara edo LEPera atera.

Zerbitzu-eginkizun horien egoera gobernu eta sindikatuen artean aztertu eta negoziatu behar zen, arreta berezia behar zuten egiturazko egoerei edo egoera espezifikoei benetan zein erantzuten zieten jakiteko. Zerbitzu-eginkizuntzat jotzen direnak lekualdatze-lehiaketara, oposizioetara edo balizko kontsolidazio prozesu batera aterako lirateke. STEILASen ustez, IRALE, Berritzegune, Hamaika Esku, Eskola Txikiak eta beste plaza batzuk oso profil espezifikoak dituzten pertsonek bete beharko lituzkete, eta, beraz, zerbitzu-eginkizunen menpe egongo lirateke. Beste lanpostu asko aldiz ez.

Ildo horretatik, STEILASek babes osoa ematen die bai Barnetegietako arduradunek bai IRALEko irakasleek egindako proposamenei, eta, jakina, baita mobilizatu diren Hamaika Eskuko ikastetxeek egindakoei ere. Administrazioari idatziz helerazi dizkioten proposamen horien artean zerbitzu eginkizunen iraupena eta funtzioak moldatzeko aukerak aztertzen dira, beti ere, zerbitzua bermatzen jarraitzeko.

Bitartekotasuna ez da desagertuko. Beti egongo da bitartekotasun-tasa bat, minimoa bada ere. STEILASetik dozenaka proposamen egin ditugu bitartekotasuna minimoetara murrizteko, eta hala egiten jarraituko du. Gainera, beharrezkotzat jotzen dugu bitartekotasun hori prekarietatearen eta ezegonkortasunaren menpe ez egotea, eskola publikoko klaustroek lehenbailehen behar baitute egonkortasun handiagoa. Zentzu horretan, indarrean dagoen esleipen prozesua defendatzea ulertezina iruditzen zaigu.


Hala ere, gure ustez, egungo egoera ez da egokia ordezkoen zerrendak kudeatzeko sistema berria ezartzeko. Honen aplikazioa, ezinbestean, sindikatuokin adostua izan behar da eta gehiengo sindikalak beronen aplikazioa atzeratzeko eskatu zion Sailari. Halaber, STEILASek aurrerantzean ere mahai gainean jarriko du, besteak beste, sarbide bikoitzaren proposamena; alde batetik dagoeneko sisteman dauden bitartekoek formatu itxian sartuko lirateke betetzen ari diren, eta egiturazkoak diren plazetara, eta bestetik deialdi ireki bat egingo litzateke plaza berri eta erretiroen ondorioz sortutako plazekin. Kasu batean zein bestean langileen “aintzinakotasuna” eta funtzio publikorako sarbidearen oinarrizko printzipioak oinarri izanda: berdintasuna, merituak eta gaitasunak.