Sektore publikoan inbertitzeko ahalegina hertsiki lotuta dago sektoreko lan-baldintzekin eta, beraz, sektorearen kalitatearekin, gizarte justu eta baldintza berdinekoaren zutabe den aldetik. Inbertsio nahikoa eginez gero, eskola publikoak dagokion lekua izanen luke, ratioen jaitsieraz mintza gintezke, interinitate tasa murriztu, erretiroaren baldintzak hobetu… 

2021ean 821 milioi euro bideratuko dira Nafarroako Hezkuntzara. 2020arekin alderatuta, 63 milioi euro gehiago, horietatik 26,7 milioi COVID-19arengatik egiturazkoak ez diren partidak dira eta 36,7 milioi Nafarroako Hezkuntzako aurrekontu orokorretan izandako igoera “arruntari” dagozkio. Argi dago zenbateko horiek ez direla izanen, sarri, hezkuntza publikoaren funtsezko aldaketaren giltza.

Aurrekontu proiektu honek biltzen ditu osasun egoeraren ondorioz hartu diren ezohiko neurriak, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ratioa 20ra jaistea eta ikastetxeetako ordu kopurua handitzea. Neurri horien berezitasunak ez du eragozten berekin dakarten aurrekontu ahalegina onargarria ez izatea eta, beraz, gastu hori 2022ko aurrekontu proiektuan finkatzea eskatzen dugu.

Ez gabiltza ameskerietan; jakin, badakigu egoera ekonomikoa ez dela hoberena, baina garaia da, aspaldiko partez, Nafarroako zerga sistema aldatzeko, etorkizuna zorpetzearen karta bakarrera hipotekatu gabe, eta fiskalitate duin eta progresiboago baten alde egiteko. Gobernatzen gaituzten alderdi politikoek ausardiaz jokatu behar lukete beste eredu baten alde, aberastasuna banatu dadin eta kalitatezko zerbitzu publikoak berma daitezen.

Igoera hau positiboki baloratuagatik, uste dugu ez dela nahikoa. Ez da aski Nafarroako Gobernuak eta hura sostengatzen duten alderdiek akordio programatikoan planteatutako konpromisoak gauzatzeko. Akordioak dioen bezala, “Hezkuntzarako eta beketarako baliabide publikoen pixkanakako igoera, Nafarroa gure inguruko herrialde aurreratuenen batez bestekoan kokatzea (BPGaren % 5)” ahalbidetzea; konpromiso hori jasotzen du berriki onartutako LOE aldatzeko Lege Organikoak ere: “Hezkuntzako gastu publikoa handitzea, barne-produktu gordinaren % 5era arte gutxienez”. Aurrekontu-proiektu honek dakarren Hezkuntzako gastua BPGaren % 3,9 da, 2019ko aurrekontuarekin alderatuta 0,5eko igoerarekin, bi aurrekontu proiektu falta dira ezarritako helburua erdiesteko, UNESCOk gomendatzen duen gutxieneko % 6tik urrun oraindik. Ez da nahikoa, halaber, “Nafarroako Hezkuntza Publikoa Hobetzeko Ituna” osorik betetzeko, ezta gobernu akordioak ezarritako beste helburu batzuk betetzeko ere, hala nola itunen berrikuspena, derrigorrezkoak ez diren etapetan horiek murriztea edo itunak ukatzea ikasleak sexuarengatik bereizten dituzten ikastetxeei.

Kontzertuen berrikuspena egin beharrean, partida hau ia 10 milioi euro handitu da, unitate berriak itunduta derrigorrezko etapetan eta derrigorrezkoak ez diren aurre eta ondorengo etapetan; Nafarroako Aldizkari Ofiziala da horren lekuko. Publikoa finantzatzea lehenetsi beharko litzateke itunpekoaren aurretik; aurrekontuetan kalitatezko eskola publiko baterako partidak lehenetsi, hezkuntzarako eskubidea bermatuta eta ikastetxea aukeratzeko askatasun iruzurtian oinarritzen diren hezkuntzako enpresak finantzatu gabe utzi.

0-3ko partida ekonomikoa, 800.000 euro handitu den arren, ezin da egiturazko gehikuntzatzat hartu, COVID-19aren partida bat baita. Beharrezkoa da hura hurrengo aurrekontuetan finkatzea, aurrekontu guztiaren handitzearekin batera, 11,3 milioi euro eskas, zikloaren publifikazioari bidea ireki eta duintasuna lortzeko 3-6 hezkuntza etapan dituzten lan-baldintza berdinetan.

Bukatzeko, STEILASek publikoaren alde eginen duten aurrekontuak eskatzen ditu, aurrekontu nahikoak, aparteko partidak finkatzetik hasita, etapa guztietako ratioen jaitsierari estaldura emanen diotenak, 0-3 hezkuntza zikloa duintasunez jantziko dutenak, Hezkuntza Ituna guztiz betetzea ahalbidetuko dutenak eta ikastetxe kontzertatuen pribilegioak ezabatuko dituztenak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

%6ren berririk ez PDFan