Txertoak banatzen hasi dira dagoeneko, baita txertoa jasoko dutenen lehentasunezko taldeak finkatzen ere.
Adinekoan egoitzetako egoiliarrak, osasun-langileak eta langile soziosanitarioak izan dira txertoa jasotzen lehenak eta, ondoren, osasun-arloko eta esparru soziosanitarioko langileen txanda izango da. Hezkuntzako langileon txanda laster izatea espero dugu, gela itxietan ikasle kopuru handiekin lan egiten baitugu.
Langile horiei dagokienean, kontuan hartu beharko da kolektibo jakin batzuek (Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileek, Haur Hezkuntzako langileek, PTek, Entzumena eta Hizkuntzako langileek, Hezkuntza Laguntzako espezialistek, fisioterapeutek, Zeinu Hizkuntzako interpreteek, espazio soziosanitarioetan lan egiten dutenek, jangeletako arduradunek, etab.) musukoa erabiltzen ez duten ikasleekin ari direla lanean.
STEILASek ezinbestekoa ikusten du lehenbailehen hezkuntzan txertatze plan antolatu bat diseinatzea, aurreko paragrafoan aipatutako kolektiboei eta -zaurgarri izendura jaso ez badute ere- egoera zaurgarrian egon daitezkeen langileei (60 urtetik gorakoak, esaterako) lehentasuna emango diena.
Leave A Comment