UNESCOK edozein herrialdetako hezkuntza-inbertsioak gutxienez bere BPGaren % 6 izan behar duela gomendatzen du. Gasteizeko legebiltzarrak onartu berri dituen aurrekontuek 3.108 milioi euroko partida esleitu diote Hezkuntza Sailari, 2020koa baino % 6,5 gehiago. Zenbateko honek barne hartzen ditu COVID-19k eragindako krisiaren aurka hartutako neurriak ordaintzeko funtsak. Baina ezohiko kopuru hori kontutan izanik ere, 2021erako aurreikusitako BPGaren %4 inguru da, STEILASek behin eta berriz aldarrikatutako % 6tik oso urrun. 2010. urtean hezkuntza-aurrekontua BPGren 4,18koa zela ikusirik, EAJ-PSEren koalizio-gobernu honentzat hezkuntzak duen garrantziaren adierazle.

Beraz, partida hori ez da nahikoa hezkuntza-sistemak dituen erronkei aurre egiteko eta Eusko Jaurlaritzaren beraren nahiak gauzatzeko: “Hezkuntza, beraz, herrialdearen erronka handia da. Hezkuntza inklusiboa, bidezkoa eta kalitatezkoa bermatzea da hazkunde iraunkorra eta integratua lortzeko tresnarik onena”.

Hezkuntza-aurrekontua zehatzago aztertuta, ondoriozta genezake Sailean izandako erreleboak ez duela funtsezko aldaketarik ekarri hezkuntza-politikan. EAJk eta PSOEk sinatutako Gobernu Akordioan jasotako lehen konpromisoak dio: “hezkuntza-zerbitzu ekitatiboa eta Kalitatezkoa sustatzea, Euskal Eskola Publikoaren funtsezko izaera aitortuz”. Hala ere, aurrekontu-proiektuan ez dago inolako zantzurik Eusko Jaurlaritzak konpromiso hori benetan beteko duela sinisteko.

Itunpeko ikastetxe pribatuen finantzazioak handitzen jarraitzen du. Hala, hezkuntza-itunei dagokien partida 661 milioi €-tik gorakoa da, eta aldi berean, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak ituntzen jarraitzen da. Diru hori gizarte kohesiorako atzerapausoak diren proiektu baztertzaileak sustatzeko erabili beharrean, hezkuntza inklusibo, ekitatibo eta feminista bultzatzeko bideratu liteke.

Aurrekontu-proiektuarekin batera, ikastetxeak sostengatzeko modulu ekonomikoak, hau da, ikastetxe pribatuak diru publikoz finantzatzeko hezkuntza itunak, onartuko dira. 2020ari dagokionez, moduluen igoera, oro har, % 1,85 ingurukoa da, eta langileei dagokien gastua %2 ingurukoa. Era berean, aurrekontu-proiektuak honako hau jasotzen du: “2021. urtean, lan-kontratudunak ez diren Euskal Autonomiako Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako langileen urteko guztizko ordainsariek ezin izango dute %0,9tik gorako gehikuntza orokorrik izan 2020ko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean”.

0-3 zikloari dagokionez, duela gutxi Haurreskolak Partzuergoko Gerenteak aurrekontu eskasak direla eta sinatutako akordioak ezin dituztela bete adierazi du. Hala ere, haur eskola pribatuak eta zentro pribatuetako 0-3 ikasgelak diruz laguntzeko partida mantendu egingo da (26 milioi euro baino gehiago), beraz, nahiz eta ikasle gutxiago izan, ikasle bakoitzeko diru-laguntza handitu egingo da.

Aipagarria da Berrikuntza Funtsa Programak izan duen igoera. Funts hori Hezkuntzako 2020ko aurrekontu-partidan sartu zen (560.000 euro) baina 2021eko proiektuan 10,5 milioi eurokoa da. Horren arrazoia aurretik beste programa batzuetan, bereziki, ikerketa-programetan, sartutako partidak lekualdatu direla da. Beraz, ez dago hezkuntza-ikerketari eta -berrikuntzari benetako bultzadarik. Beste behin ere, ikastetxe pribatu-itunduek ( ia 3 milioi euro) eta fundazioek (4,5 milioi euro) partidaren zati handi bat eramango dute.

% 6az ari garenean, ez gabiltza ameskerietan; jakin badakigu egoera ekonomikoa ez dela hoberena, baina garaia da, aspaldiko partez, EAEko zerga sistema aldatzeko, etorkizuna zorpetzearen karta bakarrera hipotekatu gabe, eta fiskalitate duin eta progresiboago baten alde egiteko. Gobernatzen gaituzten alderdi politikoek ausardiaz jokatu beharko lukete beste eredu baten alde, aberastasuna banatu dadin eta kalitatezko zerbitzu publikoak berma daitezen.

Amaitzeko, STEILASek arlo publikoaren alde egingo duten aurrekontuak eskatzen ditu, aurrekontu nahikoak, aparteko partidak finkatzetik hasita, negoziazio-mahaien ondoriozko balizko akordioei estaldura emateko, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna ahalbidetzeko eta ikastetxe pribatuen ituntze unibertsalarekin amaitzeko. Euskal eskola publikoak bizirauteko diru funts iraunkor bat behar du, egun, gurean itunpekoak soilik duena.

Arlo publikoaren finantzaketak, hezkuntza publikoa barne, lehentasuna izan beharko luke eta horretarako, aurrekontuetan, behar diren partidak blindatu behar dira. Hezkuntza enpresak finantzatzea helburu duen ikastetxea aukeratzeko askatasun faltsuaren gainetik, hezkuntza publikoa izan behar delako gure ardatza. Horregatik Hezkuntza Sailari exijitzen diogu, gu guztion ardura badu, denona eta denontzat den euskal eskola publikoaren alde egin dezan apustua. Eta guztion topagune, baita gizartearen kohesio tresna izango den eskola hau kalitatezkoa, laikoa, doakoa, inklusiboa, plurala, feminista eta internazionalista izan dadin behar den diru inbertsioa bermatu dezan.