ELA , LAB, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuek EAEko zerbitzu publikoen alde, enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzeko deitutako grebetako hiru hiriburutako manifestazioetan 18.000 pertsonatik gora parte hartu dute. 

2021ko apirilaren 22a, Bilbon. 13:00h 

ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuek, EAEko sektore publikorako deitutako greba deialdiak erantzun zabala eta jarraipen oso orokortua izan du behin behinekotasuna pairatzen duten langile publikoen artean. Hala ere, aipatu eta salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak direla eta milaka langile publikoei greba eskubidea ukatu zaiela, eta, ondorioz, greba bera oso baldintzatua egon dela. 

Pandemia egoera honek, hiritarren mugikortasuna asko baldintzatzen duen arren, EAEko hiru hiriburutan eguardian deitutako manifestazioetan 18.000 langile inguruk parte hartu dute. Bereziki aipatzekoa da Bilboko manifestazioan milaka lagun batu direla, jendetsuena izanik. 

Lehen orduko datuen arabera, aurreikusten genuen bezala, hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan greba eskubidea egikaritzeko aukera izan dutenen artean grebak jarraipen zabala izan du, eta ia erabatekoa izan da behin-behineko langileen artean. 

Unibertsitatez kanpoko hezkuntzari dagokionez, jarraipena desberdina izanagatik ere, oso positiboki baloratzen dugu grebak izandako jarraipena; %50 ingurukoa, batez beste. Irakasleen kasuan, etapa desberdinei erreparatzen badiegu, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan oso jarraipen zabala izan du grebak, % 55 ingurukoa, oro har. Bigarren Hezkuntzan zertxobait apalagoa izan da. 

Heziketa Bereziko langileen erdiak baino gehiagok babestu du greba, eta Sukalde eta

Garbiketako langileei dagokionez, Eusko Jaurlaritzak garbiketako langile guztiak greba eskubiderik gabe utzi dituen arren %100eko zerbitzu minimoak ezarriz, oro har arratsaldez lan egiten duten garbitzaile ugarik hartu dute parte goizeko manifestazioetan; sukaldarien artean grebaren jarraipena oso zabala izan da, %55 ingurukoa, eta ugariak izan dira greba egiteko aukera zuten langile guztien babesa jaso duten sukaldeak. Besteak beste, Balmasedako Mendia eskola, Ortuellako Otxartaga, Trapagako San Gabriel, Getxoko Gobela, Askartzako Isusi, Igorre eta Lemoako eskolak Bizkaian, Amaña Eibarren, Oiartzun, Segura edo Urretxuko eskoletako sukaldariak Gipuzkoan, edota Gamarra eta Unamunzagakoak Araban. 

Azkenik, haur eskoletan eta EHUn ere langile askok grebarekin bat egin dute, non bereziki aipagarria izan den Administrazio eta Zerbitzuetako langileen jarraipena. 

Udal eta Foru esparruan ere, greba eskubidea egikaritzeko aukera zutenen artean jarraipen zabala izan da. Eskualde desberdinetako udaletxe handienetan jarraipena oso zabala izan da, plantilaren erdia baino gehiagoren babesa jasoz, oro har: horien artean aipagarriak dira hiru hiriburuetako udaletxeak -Donostia, Gasteiz eta Bilbo-, edota Laudio eta Amurrio Araban, Durango, Sestao eta Basauri Bizkaian, eta Beasain, Hernani, Bergara, Orereta eta Ordizia Gipuzkoan. 

Osakidetzan, ezarritako zerbitzu minimoek guztiz baldintzatu dute grebaren jarraipena. Izan ere, milaka langileei greba eskubidea ukatu zaie zerbitzu askotan ezarritako zerbitzu minimoak %100 izanik. Hala ere, greba zerbitzu eta esparru askotan nabaritu da, batez ere lehen mailako arretan. Horren adibide da Gasteizko Salburuako eta San Martingo osasun zetroetan ez dela jendearentzako arretarik egon grebaren ondorioz. Bizkaiko call centerretan ere greba egiteko aukera zuten pertsonen %100k egin dute greba. 

Komunikabide publikoei dagokionez, grebak jarraipen zabala izan du. Horren adibide dira Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi irratia, Gaztea eta Radio Vitoria. Guztietan gutxieneko zerbitzuak ezarritako informatiboak soilik emititu dira egun osoan zehar. 

Bidaiarien garraioetako sektorean, berriz, kontuan hartu behar dugu ia guztia esku pribatuetan dagoela. Hala izanik ere, oraindik publiko diren esparruetan ditugun datuen arabera, lanuztea esanguratsua izan da, zerbitzu askotan zerbitzu minimoak arituko

direlarik. 

Administrazio orokorrean eta justizia administratiboan jarraipena azken grebetako altuena izan da langilegoaren heren baten babesarekin, eta oso zabala behin behinekotasuna pairatzen dutenen artean. Beraz, milaka langilek parte hartu dute sektore horretan. 

Sektore publikoak bizi duen salbuespenezko egoera honen aurrean, sektore publikoko langileek argi adierazi dute gure agintariek eta alderdi politikoek urgentziaz bere esku dagoen guztia egin behar dutela enplegu publikoa sortzeko, behin behineko 60.000 langileek euren enplegua kontsolidatzeko eta sektore publikoan ematen den pribatizazio politikarekin amaitzeko. 

Gaurko erantzuna ikusita, greba deitzaileek argi daukagu helburua lortu arte borrokan jarraituko dugula.