2021eko ekainaren 10ean argitaratutako Idatzizko probari buruzko informazio eta jarraibideetan honakoa jakinarazten da: Ez da probetara joan behar COVID19rekin bateragarriak diren sintomekin, ezta diagnostiko positiboarekin edo arrazoi horrengatik isolamenduan edo berrogeialdian daudenekin ere.

Alabaina, argibide horietan edo prozesurako sortutako COVID-19aren aurkako jarduera protokoloan ez zaie berrogeialdia bete behar duten pertsonei inongo konponbiderik eskaintzen.

Urte eta erdi izan ditu administrazioak hautagaiak ziurgabetasunean murgilduta oposaketa datarekin dantzan. Egoeraren ezohikotasunaren izenean, pazientzia eta ulermena eskatu die hautagaiei etengabe. Buru-belarri lanean ari ziren bitartean egoerak eragindako lan gainkargari aurre egiteko, etxean ordu gehiago sartu behar izan dituzte eta aldi berean EPE prozesurako prestatu ahalegin pertsonal ikaragarria eginda, batzuetan ekonomikoa ere. Horrekin batera, EPEaren aitzakian, kontziliaziorako baimenak lortzeko oztopoak baino ez dizkie jarri administrazioak. Data iritsita, kasurik onenean, mapa, boligrafoa, botila bat ur eta FPP2 musukoa ematea, eta 1,5 m distantzia bermatzea da aurreikuspenaren emaitza. Okerrenean, prozesuko eginkizunak zorrotz beteta eta osasun publikoa bermatzeko neurriak errespetatzeagatik, prozesutik kaleratua zara, proba egiteko inongo aukerarik gabe.

Gure administrazioak ez du ahalbidetu Nafarroak proposatutako irtenbidea, hau da, azterketa egunean etxean egon beharra daukan hautagaiari beste data eskaintzea.

STEILASek gai honi eta pandemiaren kudeaketari dagozkion beste hainbat konturen inguruan erabakiak hartzeko bilerak eskatu dizkio administrazioari eta ikasturte osoan zehar aldebakarreko erabakiak eta langileekiko begirune eza nagusitu dira. Osasun publikoaren zaintzak ezin du probetara aurkezteko eskubidearen aurka egiteko argumentua izan, eta hala izan ez dadin, berrogeialdia betetzen dauden pertsonei probetara aurkezteko irtenbidea ematea eskatzen dugu, hautagai guztiek aukera berdintasunean lehiatu daitezen.