Nafarroako Hezkuntza Departamentuak berriz ere aldatu du Haur eta Lehen Hezkuntzako eskolen protokoloa, deus negoziatu gabe. Jardunaldi jarraiarekin segituko dugu, baina urritik aurrera arratsaldeko saioak berreskuratuko dira eskolaz kanpoko jarduerak garatzeko. Hortaz, zuzendaritzek oso denbora gutxi izanen dute plangintza berria antolatzeko eta, gainera, irakasle gehiago ez dira kontratatuko.

Arratsaldeko saioak antolatzeko ordu osagarriak erabiltzen dira, ez irakaskuntza zuzenekoak, eta horregatik koordinazio bileren eta zaintzen kopurua murriztuko da, eskolen kalterako eta langileen zamarako. Beraz, ezinbestekoa litzateke plantillak indartzea behar berri horri aurre egiteko, batez ere, arratsaldean geldituko den ikasleen kopurua esangarria bada.

Bestalde, ez da aintzat hartu ikastetxeen aniztasuna, ez baita berdin prestatzen pandemia aurretik jardunaldi jarraia bazegoen, ikastetxe horrek ikasle garraiatu asko dituen edo hiri ingurune batean dagoen. Ikastetxeek autonomia gehiago izan beharko lukete bere inguruneari eta baldintzei ahalik eta hobekien egokitzeko. Bide batez, ez da garbi gelditzen nola eutsiko zaien burbuila taldeei, arratsaldean talde ezberdinetako ikasleak nahas daitezkeelako eta, are gehiago, kanpoko monitoreak sartzen badira.

Azkenik, une oso egokia litzateke lortzeko jantoki zerbitzuaren eta ikastetxe publikoetan eskainitako eskolaz kanpoko jarduera guztien doakotasuna, BPGren % 5 Hezkuntzan inbertitzeko Gobernuak berak jarritako helburua betetzeko.