Joan den ikasturtearen amaieran, Kristau Eskolak eta AICEk gatazka kolektibo bat jarri zuten abian, tutoretza-osagarria arautzen duen hitzarmenaren 65. artikulua aldatzeko. Haur Hezkuntzako lehen zikloan eta Lanbide Heziketan ez zuten osagarria ordaindu nahi. Gatazka kolektiboko prozesu orotan bezala, eman beharreko lehenengo urratsa Lan Harremanen Kontseiluko aldeen arteko akordio-ahalegina izan behar da, eta horri PRECO deitzen diogu. Maiatzaren 26an egin zen Bilbon eta akordiorik gabe amaitu zen. Sindikatuok berretsi egin genuen 65. artikuluan negoziatutako eta sinatutako testua. PRECO akordiorik gabe amaitu zenez, Patronalek bidea libre zuten hortik aurrera gatazka kolektiboagatik demanda sartzeko.

Bestalde, atzo, urriaren 19an, beste PRECO bat izan genuen gai honi buruz, LAB sindikatuaren ekimenez. Sindikatu honek salatu zuen Kristau Eskola eta AICE patronalek ez dutela tutoretza-osagarria ordaintzen Haur Hezkuntzako lehen zikloan eta Lanbide Heziketan. STEILASek lan-hitzarmena betetzeko dagoela defendatu zuen, eta oso argi utzi genuen ikastetxeren batek maila horietan tutoretza-osagarria ordaintzen ez badu, sindikatuak dagozkion neurriak hartuko dituela. Kristau Eskolak jakinarazi zuen gatazka kolektiboagatiko demanda jarri zuela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko lan-arloko aretoan, hitzarmenaren 65. artikulua aldatzeko eskatuz, maila horietan tutoretza-osagarria ordaindu behar ez izateko. Epaiketa azaroaren 16an izango da. PRECO akordiorik gabe amaitu zen.

Zure enpresak ez badizu nominan ordaintzen tutoretza-osagarria eta, gainera, 2017tik tutoretzari dagozkion atzerapen guztiak ez badituzu jaso, jarri harremanetan STEILASekin eta zerbitzu juridikoek emandako xehetasun guztiak helaraziko dizugu.