Musika eskoletan egonkortasun epaiak lortzen ari gara!

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) 2020ko martxoan  administrazioetan interinitatea gehiegikeriaz aplikatzeari buruzko epaia argitaratu zuenetik, asko izan dira gai horri buruz entzun diren albisteak eta zurrumurruak. Kasu askotan, informazioa nahasgarria ere izan da, orain arte, kontratu motaren arabera, epaitegian bide bat edo bestea hartzen baitute finkotasun-erreklamazioek.

STEILASek 2019an ekin zion Zerbitzu Juridikoen bitartez finkotasuna erreklamatzeko bideari, eta badira aste batzuk lan kontratu laborala duten langileen kasuetan aldeko epaiak lortu ditugula. Epai hauek mugagabe ez-finko bihurtzen dituzte lanpostu hutsak betetzeko interino kontratua izan duten langileak, gutxienez 3 urtez aritu badira Udal Musika Eskoletan. Aurrerapauso handia da lan-baldintzen hobekuntzan eta eskola horien kalitatean.

Argi esan beharra da kasu horietan udal edo patronatu erakunde autonomoekin sinatutako lan-kontratu laboralak direlako lortu dela, kontratu mota hoietan soilik lortu baititugu orain arte aldeko epaiak.

Aldi baterako iruzurrezko kontratazioetan (obra edo zerbitzu jakin bat) ere aldeko erantzuna jaso dugu, beti ere iraunkorrak diren premiak estaltzen direnean edo 30 hilabeteko denbora-tartean 24 hilabete baino gehiago luzatzen diren kasuetan.

Hezkuntza Departamentuarekin sinatutako kontratu administratiboen finkotasun erreklamazioei dagokienez, noiz ebatziko zain gaude, baina oraingoz erreklamazio horiekin zailtasun handiagoa ikusten da; izan ere, horrelako kontratuetan, orain arte egon diren epaiek ez dute aurrera egin, eta auzitegietan aurkako epaia jaso dute, bai Nafarroan, bai beste erkidego batzuetan.

Erreklamazio hori noiz eta nola ebatzi zain jarraituko dugu, baina, bien bitartean, lan-kontratu laboraletan irekitako ateari jarraipena eman nahi diogu, kontratu mugagabe ez-finko gehiago lortuz musika-eskoletan, baina baita haur-eskoletan ere. Beraz, langileek udalekin edo erakunde autonomoekin lanpostu hutsak bete arte gutxienez 3 urteko interinitate kontratuak izan dituztenak eta obra edo zerbitzu jakineko kontratuak dituzten pertsonak gure egoitzatik pasatzera animatzen ditugu, haien kasua aztertzeko eta erreklamazioa egin daitekeen ebazteko.

STEILAS

Iruñan, 2021eko azaroa.

Egonkortasuna aldeko sententziak azalpen dokumentua PDFan
Finkotasuna sententziak KARTELA PDFan