Joan den larunbatean, Euskadi Irratian, euskaraz, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko (AMUGE) kide baten testigantza entzun genuen, Bilboko saltoki handietan edozein adinetako emakume ijitoek jasaten duten jazarpen arrazista salatzeko.

Bilboko auzo periferiko batean hazitako ijito bat euskaraz hitz egiten? Otxarkoaga arnas gune al da euskara ikasi eta hitz egiteko?  Argi eta garbi, ezetz.

Bilboko auzo pobretu bateko ikasle ijito batek euskara ikasi eta hitz egin dezan, D ereduko eskola publiko bat egon behar du. Hala ere, 2021-22 ikasturte honetara arte, auzoko bi eskola publikoetako batek ere ez zuen D eredua eskaintzen. Urte askotako mobilizazioen ondoren, behingoz, D ereduko lerro bat ireki da 2 urteko gelatik hasita, EAEko eskola publiko gehienetan baino hogeita hamar urte beranduago, bitxia bada ere, Bilboko lehen lerroa ondoko Txurdinaga auzoan ireki zen.

D eredua akordio soziopolitiko baten emaitza da, non adosten den euskal kultura- eta hizkuntza- ondarea lurraldean bizi garen guztion patrimonioa dela. Eta hizkuntza bat transmititzeko tresnarik onena  hezkuntza publikoa da, haur guztien aukera-berdintasuna bermatzen  baitu, haien jatorri soziokulturala edozein dela ere.

Gainera, 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legeari erreparatzen  badiogu, 3. artikuluaren 2-g eta h puntuen arabera:

· g) Derrigorrezko hezkuntza-aldia amaitzean, bi hizkuntza ofizialen  ezagutza praktikoa bermatzea ikasle guztiei, baldintza berberetan,  euskararen erabilera sustatuz eta euskararen normalizazioa bultzatuz.

· h) Ikasleek Euskal Herriko kide gisa duten nortasun kulturala ezagut  dezaten erraztea, beren historia eta kultura ezagutuz, eta ikasleak  beren ingurune geografiko, sozioekonomiko eta kulturalean sustraitzea  sustatuz.

Badirudi Eusko Jaurlaritza bera ari dela alde batera uzten eta  ukatzen, ikasleen zati handi bati, Indize Sozioekonomiko eta Kultural  apalena (ISEK), euskaraz ikasteko eskubidea.

Guk baieztatzen dugu Hego Euskal Herriko hezkuntza publikoa euskararen  transmisioa ziurtatzen ari dela haur eskolatik unibertsitateraino.  Adibide asko eta asko daude: hala nola Saioa Alkaiza Guallar  Nafarroako bertsolari txapeldun berria, Euskadi Irratiko programan  parte hartu zuen ijitoa edo azaroaren 25ean Bilbon Indarkeria  Matxisten Aurkako manifestazioaren komunikatua euskaraz irakurri  zuena, guztiak ere euskal eskola publikoetako D ereduko ikasleak.

Hezkuntza lege berri baten atarian gaude. Kontuan hartuta eskola  publikoa dela euskaldun ez diren ikasle gehien euskaldundu dituena,  ikasle guztiei euskaraz ikasteko aukera bermatzea eta euskal sare  publikoko hezkuntza-komunitate osoak egindako ahalegina aitortzea  aldarrikatzen dugu. Ez da ikasleak jatorriaren arabera zatitzeko unea; aitzitik, elkartzeko garaia da, egoera txarrenetik abiatzen direnek indarrean dagoen Legeak ezarritako helburua bete dezaten eta ikasle horien aukerak murriztu ez daitezen. Benetan euskal gizarte inklusiboa nahi badugu, bide bakarra Hezkuntza Publikoaren aldeko apustu irmoa egitea dugu.

Susana Andino
Ainhoa Astigarraga
Nagore Iturrioz
Ana Perez
STEILAS