Marokok saharar zibilen kontrako eraso militar gehiago egin ditu, SEADen Lagunen Elkarteak salatu duenez. Joan den abenduaren 15ean, Marokok beste bi zibil hil zituen euskal erakundeek finantzatutako azpiegitura baten bonbardaketan. Isiltasun mediatiko eta politikoa deitoratu du.

Pasa den abenduaren 15ean Marokoar armadak bi zibil sahararrak hil zituen dron batetik jaurti zuen misil batez. Bi sahararrak zisterna kamioi baten gidaria eta laguntzailea ziren eta populazioaren ur banaketa lanetan ari ziren erasoa gertatu zenean.

Marokok gutxienez 20 zibil saharar hil ditu bonbardaketa ezberdinetan, 2020ko azaroaren 13an Marokoko armadak Mendebaldeko Saharako Guerguerat esparru desmilitarizatua inbaditu zuenetik, hala, 29 urteko su etenari amaiera emanez.

Euskal gizartea SEADeko kanpamenduetan eta eremu liberatuetan sahararren bizi-baldintzak solidarioki hobetzen ahalegintzen den bitartean, gobernu eta enpresa batzuek Marokoko erregimenarekin zuzenean kolaboratzen dute, erregearen eta bere hurbilekoen onurarako eta saharar babesgabeen aurkako gerra, espoliazioa eta errepresio krudelena elikatzeko soilik balio duen laguntza emanez.

Jasotako irudiek argi erakusten dute azken eraso horrek pertsonak hiltzeko asmo argia zuela, ez ibilgailua suntsitzeko, misila kamioiaren kabinara soilik zuzendua baitzen. Aurreko kasu guztietan ere, erabilera zibil hutseko langileak eta azpiegiturak ziren. Oraingo honetan, euskal erakundeek (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Euskal Fondoa) finantzatutako lankidetza proiektuei eragin zaie; zehazki, nomaden eta errefuxiatuen populazioa uraz hornitzeko azpiegitura hobetzeko proiektuei.

Gogorki salatzen ditugu Marokoko erregimenaren eraso militar hau eta beste guztiak, eta Espainiako Estatuak Marokoko erregimenari ematen dion laguntza militar diplomatiko eta ekonomikoa amai dezala eskatzen dugu.

Onartezina iruditzen zaigu saharar herriak bizi duen egoera lazgarriaren inguran pairatzen dugun isiltasun mediatiko eta politikoa, eta premiazko deia egiten dugu gatazkan erantzukizunak dituzten erakunde eta instituzioek, bereziki PSOE eta Podemosen koalizioko Espainiako gobernuak, premiaz eragin dezaten gerrari amaiera emateko eta saharar herriak bere askatasun eta
independentziarako dituen eskubideak bermatzeko.

Arabako SEADen Lagunen Elkartea