Euskadi Eskola Kontseiluak “Hezkuntza Hitzarmena: Euskadiko Eskola Kontseiluaren proposamena” dokumentua helaraziko dio hezkuntza sailari. STEILAS sindikatua, hezkuntza publikoko eragile nagusiekin batera, ezezko borobila eman dio txosten honi.

Dokumentua eratzeko prozedura ez da egokia izan, ez baitu parte hartzea bermatu, eta edukiek ez dituzte Euskadiko Eskola Kontseiluak bi urtean behin argitaratzen duen EAEko Irakaskuntzaren egoerari buruzko txostenek jasotako arazo nagusiak bideratzeko proposamenik jaso.

Behean sinatzen dugun Euskadiko Eskola Kontseiluko hezkuntza-eragileok, Batzorde Iraunkorrak proposatutako ponentzia eztabaidatu ondoren, aurkako botoa eman eta boto partikular hau aurkeztea erabaki dugu, honako argudio hauetan oinarrituta:

 -Ez da eztabaida integrala egiteko aukerarik egon, eta zuzenketak edo emendakinak aurkeztu beste aukerarik ez dugu izan.

 -Bizi dugun une historikoaren garrantziak – Hezkuntza akordioak egiteko prozesu betean – eztabaida eta elkarrizketa handiagoa eskatzen du, gure hezkuntzari dagozkion funtsezko arazoen inguruan sakontzeko, eta egoera hori ez da nahi dugun sakontasunean gertatu.

 – Aurkeztutako txostenean hautemandako gabeziei dagokienez:

◦ Ez da kontuan hartu Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan behar dela.
◦ Testuan nabaria da egun indarrean dauden egitura pribatizatzaileei mugak jartzeari buruzko kontrakotasuna. Ez dago inolako erreferentziarik egungo itzuntze sistema gainditzeko beharrari buruz.
◦ Ez dago sare publikoaren eta pribatuaren arteko desorekak bideratzeko proposamenei buruzko aipamenik, bereziki Haur Hezkuntzako Lehen Zikloan.
◦ Ez zaio segregazioari modu integralean heltzen, hezkuntza-sistema osoari eragiten dioten egiturazko neurriekin.

Horregatik guztiagatik, BIGE, BAIKARA, DENON ESKOLA, LAB, STEILAS eta CCOOek boto partikular hau aurkeztu dugu.

Bilbon, 2021eko abenduaren 20an