Beste urte batez, Europar Batasuneko migrazio-politiken ondorioz, milaka pertsona hil dira eta hiltzen jarraitzen dute egunero gure mugetan. Mediterraneoa, Atlantikoa edota Mantxako kanala zeharkatzen, basamortuan abandonatuta, kamioi baten azpian, barneratze-zentroetan, hotzez, gosez, egarriz…

Kasu gehienetan pertsona horiek agurrik gabe hiltzen dira, izenik gabe, itsasoan itota. Euren familia eta lagunek ezin dituzte haien gorpuak berreskuratu. Ez dira itsasoak pertsona horiek hiltzen dituztenak. Iristeko bide seguru eta legezkoak sortzen ez dituzten gobernuak dira. Bizitza-trafikatzaileak dira. Deiei jaramonik egiten ez dieten erreskate-ontziak dira. Bidea galarazten duten mugetako poliziak (Frontex) dira. Haien herrialdeetan baliabideak kendu eta bertako pertsonak migratzera behartzen dituzten enpresak dira. Beharrezkoa ez den sufrimendu baten aurrean herritarren kopuru handi batek erakusten duen axolagabekeria ere bada, baita gizakienganako bidegabekeria ere.

Ez gure izenean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta beste hainbat kolektibok pasiboki ez jarraitzea eta bidegabekeria izugarri hau salatzea aukeratu dugu.

EB eta gobernuen migrazio- eta asilo-politikek, baita gure gobernuak ere, migratzen duten pertsonak delitugile gisa tratatzen dituen diskurtsoa eraiki dute, mugen itxiera eta euste-planak justifikatzeko. Plan horiek milaka gizakiren heriotzak eragiten dituzte urtero, Europa Fortalezaren harresien barruan eta kanpoan.

Premiazkoa da nazioarteko asilo-eskubidearen praktika atzera bueltatzea, pertsona guztiei iristeko mekanismoak bermatzeko. Espainiar estatuan Atzerritartasun Legea ere indargabetu behar da.

Euskal Herria ere migratzen duten pertsonen aurkako jokabide horren parte da. Hemen ere muga gaindiezinak aurkitzen dituzte Irunen. Bertan, berehalako kanporatze bidegabeak onartu egiten dira, ez diegu migratzeko eskubidea bermatzen eta gure lurraldetik igarotzen direnean euren migrazio-proiektuan aurkitzen dituzten oztopoetako bat gara.

Aurten, 2021ean, zortzi pertsona hil dira Euskal Herrian euren bidaiaren beste muga bat zeharkatu nahian. OEEtik gure amorrua adierazi nahi dugu gobernatzen gaituzten erakundeen axolagabekeria eta utzikeriaren aurrean.

Migraziorako bide seguru, legezko eta errealak ezartzea ez da egin behar den gauza bakarra. Premiazkoa da arazoen erroan lan egitea. Pertsonek euren bizitzak arriskuan jartzen dituzte migratzea erabakitzen dutenean. Hainbat arrazoi daude migratzeko behar horren atzean. Arrazoi horiek aztertu behar dira. Europako mugetan gertatzen diren heriotzak ez dira hondamendi natural bat, eguneroko tragedia honekin amaitzeko saihestu daitezkeen eta saihestu behar diren heriotzak dira.

937 pertsona hil dira Kanariar Uharteetara iristeko ahaleginetan. Horien artean 80 haur baino gehiago eta 215 emakume baino gehiago zeuden

1350 pertsona hil dira edo desagertuta Mediterraneoan

41 bizitza galduta Turkia eta Greziaren arteko mugan

98 migratzaile hil dira Yemen eta Afrikako Adarraren artean

8 migratzaile hil dira Irungo mugan

27 hildako Mantxako kanalean

10 hildako Bielorrusia eta Poloniaren arteko mugan

Datu (OIM) jasanezinak. Hala ere, zifra horiek ez dira errealitatearen isla. Familiekin eta pateretan eta kaiukoetan doazen pertsonekin harreman zuzena duten GKEek dokumentatu egin dute ehunka hondoratze eta desagertze ikusezin daudela.

Baliteke etorkizunean guri kontuak eskatzea. Eskandalizatu egingo dira eta euren buruari galdetuko diote ea nola utzi genuen hau guztia pasatzea. Nahiago genuke esan jende askok, herritar askok, basakeriari honen konplize izateari uko egin geniola eta gure esku zegoen guztia egin genuela pertsona guztien eskubideetan eta harreran oinarritutako mundu bat eraiki genuela. Nahiago genuke esan gure gobernuen politikak aldatu genituela, guztiontzako mundu hobea egin genuela.

Guk hori salatzen eta horren alde lan egiten jarraitzen dugu. Horregatik, abenduaren 31n, aurreko urteetan bezala, Bilboko Plaza Biribilean elkartuko gara, eguerdiko 12etan.

ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK BIZKAIA