2021-22 ikasturteko bigarren hiruhileko KONTSEILU NAZIONALA

Gaur, urtarrilaren 29an, STEILAS sindikatuak ikasturteko bigarren Kontseilu Nazionala gauzatu du Bilbon. Gai zerrendan bi puntu izan ditugu hizpide.

Goizeko lehen saioan maiatzaren 27 eta 28an, Iruñean, egingo dugun Steilaseko “Noranzko bakarra, publikoa” XII. Kongresuko behin behineko ponentziaren aurkezpena egin dugu. Bizi dugun egoera pandemikoaren testuinguruaren azterketa jasotzen duen sarreraz gain, Kongresurako ponentziak bi atal nabarmen izango ditu:
– Gure hezkuntza ereduaren berritzea batetik, hurrenez hurren hezkuntza inklusiboa, feminista, euskalduna, ekosoziala, kalitatezkoa eta publikoa atalez osatuta.
– Gure lan sindikala bestetik, sindikalgintzarako oinarriak izango direnak zehaztuko dituen atalaz eta sektorez sektoreko hausnarketaz osatuta.

Bigarren zatia Haur Hezkuntzako 0-3 zikloaren birdefiniziorako eztabaida eta hausnarketa izan dira nagusi, zeinetan haur hezkuntzako 1. zikloak duen errealitate kontrajarriak, legeetan nola jasotzen den, zikloak bizi duen pribatizazio basatia eta bertako langileen lan-baldintzen prekaritatea aztergai izan ditugu.

Kontseilua amaitzeko, EAEn Hezkuntza Akordioaren bitartez hurrengo Hezkuntza legerako oinarriak jartzen ari diren unearekin lotua “Hezkuntza legea, publikoa ardatz” lelopean elkarretaratzea egin dugu.

 

STEILAS

   Bilbon, 2022ko urtarrilaren 29an