Laneko Segurtasun eta Osasunaren alde mobilizatu gara

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean mobilizatu gara, laneko ezbeharren eta laneko osasunaren narriaduraren arazo larriari berriro ere arreta jartzea beharrezkoa dela uste baitugu.

Apirilaren 28an, manifestazioak egin ditugu Bilbo eta Iruñan, beste hainbat sindikaturekin batera. 2021eko lan-ezbeharren txostenean azaldu dugun bezala, salatu beharra daukagu 2020tik jarduera ekonomiko txikiagoa izan arren, laneko istripuek eta gaixotasunek gora egiten jarraitzen dutela.

Lan-istripu hilgarrien ondorioz, 68 langile hil egin dira 2021.urtean, eta, gutxienez, beste 17 pertsona hil dira amiantoak eragindako gaixotasunen ondorioz. Zehazki, lan-ezbeharren kopuruak %10,2ko igoera izan du EAEn, eta %16,7koa Nafarroan.

Egoeraren larritasuna ikusita, prebentziora bideratutako baliabide publikoak oso urriak direla azpimarratu beharra daukagu. Albiste honetan azaldu bezala, EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen dizkiegun neurriak berresten ditugu.

Horrez gain, gogoratu behar dugu jasan ditugun olatu pandemikoek itzalean utzi dituztela langileen segurtasuna eta osasuna.

2022-04-28T13:12:40+02:002022 28 apirila |Albisteak, EAE, Nafarroa|

Leave A Comment