Apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, laneko ezbeharren eta laneko osasunaren narriaduraren arazo larriari berriro ere arreta jartzea beharrezkoa dela uste dugu. Hori dela eta, gehiengo sindikalak manifestazioa deitu dugu apirilaren 28an goizeko 11:30ean Moyua Plazan (Bilbo) eta Txistularien Plazan (Iruñea). Hemen idatzitako testu bateratua:

Murrizketen eta Covid agertokiaren ondorioz lan jarduerak etengabe behera egin duen arren, Hego Euskal Herrian lan-ezbeharren kopuruak gora egiten jarraitzen du, modu kezkagarrian. 2021ean, 2020rekin alderatuz, % 10,2ko igoera izan da EAEn, eta % 16,7koa Nafarroan.

Iaz, 2021ean, gutxienez 68 langile hil ziren lanean (48 EAEn eta 20 Nafarroan), eta, tamalez, aurten ez da hobera egingo, gutxienez 21 langile hil baitira lanean dagoeneko (18 EAEn eta 3 Nafarroan). Laneko gaixotasunei dagokienez, azpi-erregistroa salatzen jarraitzen dugu estatistika ofizialetan. Hego Euskal Herrian bakarrik, gutxienez 17 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako patologien ondorioz; hala ere, agente kantzerigenoek eragindako 6 gaixotasun profesional baino ez dira erregistratu iturri ofizialen arabera. Azpi-erregistroa beldurgarria da; izan ere, kalkuluen arabera, minbizi guztien % 5 inguru agente kantzerigenoen eraginpean egotearen ondorio da lan-bizitzan zehar, eta industriako langileen minbizi guztien % 30 eta % 40 artean haien lanaren ondorio dira.

Mutualitateak eta enpresak dira egoera horren erantzule nagusiak. Sistematikoki ukatzen dute patologien lan-jatorria, eta hori onuragarria da patronalarentzat; izan ere, lan-jatorria ukatzea aitzakia bat baino ez da prebentzioan ez inbertitzeko, eta mutuek osasun-kalteen kostua aurrezteko, guztia osasun-sistema publikora, Osakidetzara eta Osasunbidera bideratzen baitute.

Haien jardunbide txarrak guztion artean ordaintzen ditugu. Urtetik urtera, lantokietako laneko segurtasunaren eta osasunaren egoerak ez du hobera egin Hego Euskal Herrian. Enpleguaren kalitate txarra eta prekarietate-indize handiak egiturazko arazoak dira, eta ezbehar-tasari buruzko datu txarren arrazoi nagusiak.

Azpi-kontratazioa, lan-erritmo altuak, baliabide teknikoetan eta giza baliabideetan inbertsio eta informazio falta, eta prestakuntzarik ez izatea, besteak beste, laneko istripuen eta gaixotasunen atzean ezkutatzen dira. Egoera tragiko honen aurrean, patronalaren ez-betetzeen aurrean, prebentzio-zerbitzuen eta ugazaben mutualitateen jardunbide txarren aurrean, langileriak osasun arazo eta biziarekin ordaintzen dugu. Egoera alda dadin, administrazio publikoetako kudeatzaile politikoek, alde batetik ez dute behar bezalako kontrola egiten eta bestetik ez dute ondorio eredugarririk ezartzen.

Honengatik EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen dizkiegun neurriak berresten ditugu:

• Osalanen/ISPLNren eta Lan Ikuskaritzaren baliabide pertsonalak eta materialak handitzea – enpresen gaineko kontrol handiagoa ahalbidetzeko.
• Mutualitateak eta prebentzio-zerbitzuak publifikatzea.
• Kontrol eta jarraipen-ekintza gehiago egitea osasunerako arrisku handia duten jarduerak barne hartzen dituzten enpresetan araudia betetzen dela egiaztatzeko.
• Prebentzio-arloan zehaztutako enpresak kontratatzeko debekua ezartzea.
• Hego Euskal Herriko enpresa guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko eskatzea.
• Enpresei eta aldundiei mugikortasun iraunkorreko plan bat eskatzea, – errepideen egoera hobetzeko eta istripu asko eragiten dituzten puntu beltzak ezabatzeko eta azken urteotan modu kezkagarrian areagotzen ari diren in-itinere istripuak ezabatzeko edo, hala badagokio, gutxitzeko.

ELA – LAB – ESK – STEILAS – EHNE – HIRU