Maiatzaren 24ko Gobernu Kontseilura eramango den akordioa borobildu genuen atzoko mahai negoziatzaileko saioan. Dokumentu horretan, 2022ko LEParen proposamena jasotzen da eta USO sindikatuak izan ezik, beste sindikatu guztiok akordioa sinatzeko borondatea adierazi genuen.

LEPari loturiko lehen faseak lortu duen adostasun zabala oso da positiboa STEILASen ustez, eta, agerian uzten du alde sozialaren eta Gerentziaren helburua berbera dela; UPV/EHUko langileen estabilizazioa lortzea, alegia. Helburu hori lortzeko, premisa garrantzitsua da ahalik eta plaza-kopuru altuena deitzea, eta horixe da hain juxtu, lehen urrats honetan guztiok egiten saiatu garena.

Akordioak bestalde, deituko diren lanpostu-kopurua ez ezik, lanpostu horiek langile finkoekin hornitzeko jarraituko dituzten prozesu motak ere jasotzen ditu. LEP honetan, bi motatako lanpostuak deituko dira: estabilizazio lanpostuak eta ohiko lanpostuak. Modu berean, pasa den urte amaieran iritsi zitzaigun lege berriak, estabilizazio lanpostuetarako soilik irekitzen zion bidea merezimendu-lehiaketa bidez hornitzeko aukerari. Baina, lan-kontratudunen alorrean muga hori ez dagoela kontuan hartuta eta egonkortasun akordioarekin talka egin ez duela bermatu ostean, laboralen lanpostu guztiak merezimendu-lehiaketa bidez deituak izango dira. Horrekin, asko sinplifikatzen da prozesua eta eraginkorrak izatea garrantzitsua dela uste dugu STEILASen.

Hurrengo pausua beraz, estabilizazio hori erreala izan dadin baremo egokiak adostea izango da. Guztion helburua eta nahia dena betetzeko gakoa izango den lana dudarik gabe. STEILAS baikorra da eta elkarlanean jarraitzeko aukera badagoela uste dugu eta gogorra izango den fasea bada ere, lan txukuna egin daitekeelakoan gaude. Bitarteko langile guztientzako bermeak dira bilatu behar ditugunak, eta, hori horrela dela adierazten duten baremoak dira STEILASek babestuko dituenak.

Azkenik, prozesu honetan estabilizazioaz aparte, lanpostu horiek langileon campus naturalean edota langile zehatzentzako egokiak diren campusetan finkatzea lortzea ere badugu helburu moduan. Horrenbestez, prozesuek jarraituko dituzten merezimenduetako baremo, azterketa motak, beste merezimenduetako puntuazio, urte-kopuru… horiek adosteaz aparte, prozesuari amaiera borobilagoa emateko xedearekin, borondatezko campus aldaketak gauzatu ahal izateko neurriak ere jarriko ditugu mahaian.

Prozesuaren inguruko edota beste gairen batekin loturiko zalantzaren bat baduzu, jarri gurekin harremanetan.