*Beñat Parrak, Hirutxuloko Hitza astekarian argitaratutako albistea.
Pasa den ostiralean, AntimilitaristakEH kolektiboak Aperribai familiak armagintzarekin duen harremanaren inguruko “La Sapa de los Aperribay. La guerra empieza aquí” liburua aurkeztu zuen Amarako Kaxilda liburu dendan, eta Kaxildak komunikatu baten bidez salatu duenez, “gertakari larriak” bizi dituzte asteburuan horren harira. Azaldu dutenez, larunbat goizean, pertsona bat liburu dendan sartu zen, eta liburuaren aurkezpeneko kartelari begira gelditu zen, zera esanez: “Hauek mafioso batzuk dira”.
“Horrela hasten da Aperribai familiaren antzerki politikoa Kaxildan. Gertakaria publiko egitea erabaki dugu, lagunek gertaeren larritasuna uler dezaten eta armen fabrikatzaile familia baten larderia, mehatxu, probokazio edo normaltasun berriaren aurrean gauden epai dezaten”, azaldu du Kaxildak. Komunikatuan diotenez, pertsona horrek adierazi zuen bera zela argazkikoa: “Posible al da Ibon Aperribai bera aurrean izatea?”, galdegiten dio Kaxildak bere buruari. Ibon Aperribai Realeko presidente Jokin Aperribairen anaia da.
“Pertsona hori harago joan zen, Kaxildakoen arabera: “Pertsona horrek, lanean ari den eta harrera egin dion lagunari bizkarrean bi kolpe ematen dizkion bitartean (modu ez atseginean), modu adeitsu eta oldarkorrez baieztatzen du: ‘Sentitzen dut zuengatik, leku polita duzue, ni neu hemen egon naiz zuen terrazan, baina oker zaudete aurkezpen hau zuen espazioan egiten uztean. Bai, sentitzen dut zuengatik’”.
Liburu dendako langileak zera erantzun zion, Kaxildaren arabera: “Liburuaren edukien inguruan ñabarduraren bat edo gezurtatzeko moduko zerbait bazenuen, aurkezpenean izango zen une egokia. Kaxilda espazio irekia da, ideien eztabaida bermatzen duena, errespetuzko esparru batean, eta, beraz, liburuan planteatzen den ikerketari buruzko kritikarik baduzu, aurkezpena zen horretarako une egokia”. Komunikatuan gaineratu dutenez, Kaxildako beste bi langilek ere gertatutakoa ikusi zuten: “Ibon Aperribaik liburu dendara sartu zenetik barrez eta beste behin ere ‘Sentitzen dut zuengatik eta zuen lokalagatik. Leku polita da’, errepikatuz alde egin zuen arte izan duen jarrera kondeszendiente, amorratu eta probokatzailearen lekuko izan ziren”.
Horrela, Kaxildak “espazio libre eta independentea” izaten jarraitzea nahi duten “pertsona eta kolektibo guztiei” dei egin die, “egiarekiko konpromiso politiko batetik lan egiten jarraitzeko”: “Zuen ustez egokiak diren bitarteko guztiak erabiliz, arma ekoizle familia honetako ustezko kide honek adierazitako jarreraren aurkako gaitzespen sakona adierazteko. Era berean, gure langileekiko eta gure espazioarekiko autodefentsa neurriak zorroztuko ditugu, gertakarien larderiazko izaera dela eta”.
Beñat Parra (Hirutxuloko Hitza)
Leave A Comment