Duela hilabete batzuk Gasteizko Txantxangorri Haurreskolaren itxieraren albistea harriduraz jaso genuen STEILAS sindikatuan. Gasteizko Udalaren eta Haurreskolak Partzuergoaren erabakiaren ondorioz, hiriak beste Haurreskola publiko bat galduko du.

Orain dela urte batzuk, Txirrinbil eta Almudena Cid Haurreskolak itxi ziren, Lakua eta El Pilar auzoetan. Ezin da arinkeriaz hartu Haurreskola baten itxiera, behin itxita oso zaila delako berriz ireki ahal izatea.

Jakin badakigu auzoan beste Haurreskola batzuk daudela eta bertan dagoen eskaintza publikoa handia dela. Baina, beste behin ere, Hezkuntza Publikoa galtzaile ateratzen da pribatuan eskaintza mantentzen den bitartean. Haur-eskola pribatuak eta itunduak diru publikoz, hau da, herritar guztion diruaz, finantzatzen diren bitartean, Haurreskola Publikoak ixten jarraitzen dute.

Hezkuntza lege berriaren oinarriaren testuan honako hau agertzen da: “…Haurreskolak Partzuergoa berrindartuko da eskaintza unibertsaleko, kalitatezko eta doako zerbitzu publiko bilakatu dadin”. Hau ote da zerbitzua berrindartzeko Hezkuntza Sailak hartzen duen neurria? Diru publikoa Haurreskolak Partzuergoa indartzeko erabili behar da eta ez pribatuak eta itunduak duen eskaintza merkatzeko, are gehiago, doakoa bihurtzeko. Hau horrela, STEILAS sindikatuak urtero exijitzen du diru laguntza hauen etetea: https://steilas.eus/2021/09/29/0-3-zikloa-eskaintzen-duten-zentro-pribatuek-jasotzendituzten-diru-laguntza-publikoak-agerian-iii/

STEILAS sindikatuak Hezkuntza sailari Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunerako urratsak ematea eskatzen dio, baita, itxiera honen aurrean, Haurreskolan dauden langileen lan baldintzak behar bezala bermatzea ere.