Migratuen eta arrazializatuen kolektiboak eta elkarri laguntzeko sareak eta kolektiboak kalean lo egingo dute Euskal Herriko hainbat herritan, eta dei egiten dute diskriminaziorik eza eta harrera duina izateko eskubidea administrazioek bermatu beharreko oinarrizko eskubidea dela ulertzen duen edonori bat egitera.

Ekainaren 8an hainbat ekintza egingo dira lau lurraldeetako udalerrietan, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroakoari eskatzeko gurean bizi diren edo aldi baterako dauden pertsonen oinarrizko eskubideak berma daitezela, batez ere etxebizitza duinik ez dutenentzat. Baliabide eta aurrekontu nahikoak dituzten planak izatea premiazkoa da eta errekurtso irisgarriagoak.

Deialdia egin duten erakundeek atzerritarrei buruzko legedia salatu nahi dute, arrazismo instituzionalaren adierazpen gorena dela uste baitute, milaka pertsonari beren bizi-proiektuak garatzea galarazten dielako eta irregulartasunera kondenatzen dituelako. Gaur egun, kalean, bostehun pertsona baino gehiagok ez dute etxebizitzarik, eta erroldatzeko zailtasunak dituzte. “Poliziaren jazarpena jasaten dute, hain agerikoak ez diren beste leku batzuetara joan daitezen lo egitera, edo identifikazio arrazistak egiten zaizkie behin eta berriz. Identifikazio horiek, administrazio-egoera irregularrean daudenentzat, Atzerritartasun Brigadarako zitazioen, CIEn barneratzeen edo kanporatzeen atariko bihurtzen delarik” salatzen da.

Migrazioaren aldeko Euskal Itun Soziala sinatu ondoren, edo Nafarroan harrera-diagnostikoak eta -planak egin ondoren, “EAEko eta foru-administrazioetako ezein sailek eta udalek, ez dituzte bete harrera- eta gizarteratze-planak” adierazten dute. “Argi daukagu egoera horri aurre egiteko bitartekoak jartzen ez badituzte, borondate politikorik ez dutelako dela. Borondatea eta erantzukizuna dagoenean bitartekoak aktibatu egiten dira, eta hori erakusten du erakundeek Ukrainako nazionalitatea duten errefuxiatuei egiten dieten harrerak.”

Antolatzaileen iritziz, administrazioek ezagutzen dituzte gabezia horiek, baina entzungor egiten diete konponbide-eskaerei. “Bere argumentu nagusia egiten dutenaren publizitatea egitea da. Argudiorik ez pertsonen zati bat kanpoan zergatik uzten duten justifikatzeko”. Protokolo egiaztagarri eta argiak, administrazioen arteko koordinazioa eta irizpide komunak falta dira.Asko dira “EAE eta Nafarroa politika sozialetan abangoardian jarri nahi dituzten adierazpen orokorrak. Harrera duinari eta etxegabetasunari ekiteko planak ez dira falta. Errealitateak, ordea, zoritxarrez, gezurtatu egiten du erretorika hori”.

Orain arte, zazpi udalerrik egin dute bat ekimenarekin: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Barakaldo, Irun eta Artea. Parte-hartzaileek, kalean lo egin aurretik, hainbat ekitaldi egingo dituzte, hala nola kalejirak esterillekin eta kartoiekin eta mikro irekia, testigantza partekatu nahi duten pertsonentzat. Era berean, ekintza paraleloetan, atzerritarrei buruzko legeriak baldintza duinetan lan egiteko aukera mugatzen dien pertsonen eskubide berdintasunik eza salatuko dute. “Horren erregularizazioa aldarrikatzen dugu, eta herritarren babesa eskatzen diogu helburu horrekin sinadurak biltzen ari den Herri Ekimen Legegileari. Egin dezagun gure lurra, harrera-lekua”, amaitu dute deialdia egin duten erakundeek.

 

Artea: Artea Sarea, Basoa.

Barakaldo: Agharas

Bilbao: Asoc. Senegalesa Mbolo Moye Dole Bizkaia, Atxuri Harrera, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia, SOS Arrazakeria Bizkaia, Coordinadora grupos Bilbao La Vieja, San Francisco y Zabala

Donostia: Hiritarren Harrera Sarea, Kaleko Afari Solidarioak, SOS Racismo Gipuzkoa, Ongi Etorri Errefuxiatuak

Gasteiz: Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Inor Ez Etxerik Gabe

Irun: Irungo Harrera Sarea.

Iruñea: Karabana Mugak Zabalduz Nafarroa