Ekainaren 27an, agindu bidez, 2022-2028 sei urteko hezkuntza-itunak berritu eta hezkuntza-itunen araubidean sartzeko deialdia ebatzi da. Agindu honen inguruan STEILAS sindikatutik ondorengoa adierazi nahi dugu:

  1. Hezkuntza sailak ofizioz egingo duen planifikazioa pribatuko patronalarekin adostu du. Honek, planifikazio orokorra baldintzatzen duenez, zergatik ez da eskola publikoko langileen ordezkariekin negoziatu lan hitzarmeneko 21. artikuluak jasotzen duen bezala?
  2. Agindua, 2022-2023 ikasturterako onarpen prozesuan ikastetxe pribatuetan matrikulatutako 2 urteko ikasleen onarpen irregularra zuritzera dator besteak beste. Izan ere, Hezkuntza Sailak 2 urteko gela doako plazen planifikazioan sartu zuen, onarpen dekretuak horrelakorik ahalbidetzen ez duenean. Beraz, onarpen prozesu irregularra zuritzeaz gain, agindu honek onarpen dekretuarekin talka egiten du.
  3. Gelak ituntzeko gutxieneko ikasle-kopurua 17tik 13ra jaitsi da. Zein da inolako justifikazio pedagogikorik ez duen neurri hau ezartzeko benetako arrazoia

Pasa den apirilaren 7an EAJak, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, EAEko etorkizuneko hezkuntza-sistema arautuko duen akordioa onartu eta sinatu zuten. Akordioan jasotakoa artikulatzean, hezkuntza saila ez da jasotakoa betetzen ari. 2 urteko gelak ituntzea ez zegoen akordioan jasota, eta 2022-2028 sei urteko plangintza hiru urteko bi zatitan banatzea hitzartu zuten. Aginduan ez da horrelakorik jaso eta ituntze deialdia sei urtekoa izaten jarraitzen du

Aginduak indarrean dagoen LOMLOE alde batera utzi eta LOEri egiten dio erreferentzi. LOMLOEko 109. artikuluak jasotzen duen eskaintzaren inguruko irizpide eta instrukzio berriak ez ditu kontutan hartzen, sare publikoari mesede egin diezaiokeen guztia alde batera utziz. Ez dago soberan esatea goian aipatutako lau alderdi horiek Madrilen LOMLOEren alde bozkatu zutela.