Denbora luze daramagu bankuen aurrean mobilizatzen eta protesta egiten zerbitzuen murrizketagatik (sukurtsal eta kutxazainen itxierak), arreta- ordutegien murrizketagatik, bankuko edozein eragiketak burutzeko komisio handiak kobratzeagatik… eta horiek guztiek ondorio negatiboak dituzte herritar guztiengan eta, bereziki, pentsiodunengan eta adinekoengan.

Azken hilabeteotan, mozioak aurkezteko kanpaina zabala bultzatu dugu Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako udaletan, bankuen justifikaziorik gabeko murrizketak salatuz eta banketxeetako gerenteei eta zuzendariei presioa egiteko erabakiak eta konpromisoak eskatuz, murrizketak eten ditzaten, herritarrengandik hurbilak diren aurrez aurreko arreta-zerbitzuak berrezarri ditzaten, eta komisioak merkatu (eta
kasu batzuetan doakoak izan) ditzaten. Udalei bezala, EUDELi (EAEko Udalen Elkartea), Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei eta EAEko eta Nafarroako Parlamentuei ere zuzendu gatzaizkie.

Mozioak 187 udaletan aurkeztu genituen eta horietako 121 udalek mozioa onartu zuten, 23 udalek atzera bota zuten, 8 udalek beste mozio batzuk onartu zituzten, eta 33 udalek oraindik ez dute erabakirik hartu, baina oso biztanle gutxi dituzten herriak dira. Mozioa onartu zuten 121 udalerriek 856.000 biztanle ordezkatzen dituzte, Hego Euskal Herriko biztanle guztien (2.875.938 biztanle) ia %30 (%29,80).

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak duen ordezkagarritasun sozialaz eta 121 udal horien babesaz baliatuz, hilaren 26an, dokumentu bat
emango diegu banku-erakundeetako kudeatzaile edo zuzendariei eta EUDELeko, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) eta Arabako
eta Gipuzkoako Aldundietako ordezkari instituzionalei, non aipatutako udalen babesa eta mozioetako eskariak jasoko diren. Dokumentu hori emateaz gain, gutunak bidaliko dizkiegu bankuetako kudeatzaileei edo zuzendaritza-taldeei eta zenbait erakundetako ordezkariei, jasaten ari garen arazoei eta horien konponbideei ekiteko elkarrizketak edo aurrez aurreko bilerak eskatuz.

Dokumentu hori entregatzeko, hilaren 26an, elkarretaratzeak eta manifestazioak egingo dira, eguerdiko 12:00ak aldera, lau hiriburuetan (Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruña) eta pentsiodunen mugimendua aritzen den Hego Euskal Herriko herri guztietan. Elkarretaratzeak banketxeen aurrean egingo ditugu, eta, gainera, Bilbon, EUDELen egoitzaren aurrean, Iruñean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren egoitzaren aurrean, eta Donostian eta Gasteizen, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundien aurrean.

Inoiz baino arrazoi gehiago ditugu, bankuen eskandaluzko irabazien eta beraiek hartutako neurrien kontrako protesta egiteko

– 2022ko lehen seihilekoan banku handiek 10.297 milioi euroko irabaziak izan dituzte Espainiako Estatuan.

– EAEn, 2008tik 305 sukurtsal itxi dira eta 60 udalerrik ez dute banku-zerbitzurik. Nafarroan, denbora-tarte berean, 296 sukurtsal itxi dira eta
42.000 biztanlek ez dute banku-arretarik. Hego Euskal Herrian, 601 sukurtsal itxita daude.

– 2017tik, Kutxabank-ek 294 langile kanporatu eta 86 sukurtsal itxi ditu.

– Laboral Kutxa-k, 2017tik, 156 langile gutxiago ditu eta 24 bulego itxi ditu.

– BBVA, Banco Santander, Caixabank, Banco Sabadell eta Unicaja bankuek 5.250 sukurtsal itxi dituzte pandemia hasi zenetik.

– Espainiako Estatuko bankuetan, 2021ean, kaleratzeak eta enplegu-galerak 18.957 izan dira, eta 2008tik, 124.000.

Nahikoa da! Komisioak murriztu eta merkatu. Adinekoei eta herritarrei arreta hobea eman. Sukurtsal eta kutxazain gehiago, zerbitzu gehiago,
langile gehiago.

EUSKAL HERRIKO PENTSIODUNEN MUGIMENDUA