Jadanik ikasturte berria martxan dago eta aurreko ikasturtetik hainbat gai ditugu enpresarekin lantzeko. Horregatik, pasa den astean STEILAS sindikatutik, Haurreskolak Partzuergoarekin harremanetan jarri ginen gai horiei jarraipena emateko asmoz. Jarraian, enpresari eskatutako informazioa:
-
Egonkortze prozesua, martxan dago bai hezitzaileentzat bai kudeaketa langileentzat. Lanpostuen zerrendak argitaratuta daude (nahiz eta ez dituzten gurekin negoziatu eta hori egitea ere eskatu dugun). Lanpostuak esleitzeko baremoen negoziazioa abian jarri behar da. Horrekin batera, epeei buruzko informazioa eskatu genuen. Abenduak 31 baino lehenago argitaratu behar da deialdia, beraz, presazkoa da.
-
Kudeaketa langileen lanpostuen monografiak bidaltzea eskatu genuen.
-
Kontratazioak: lan erreformak lan metaketetan ekarritako aldaketak negoziatzea beharrezkoa da, horien iraupena zein izango den jakiteko. Horretarako, negoziatzen hastea beharrezkoa da, lehenbailehen.
-
Zuzendari Pedagogikoa: Irailaren 7an, gerenteak, hurrengo Zuzendaritza Batzordera Zuzendari edo Arduradun Pedagogikoaren lanpostua kudeaketa langileen lanpostuen zerrendan txertatzeko proposamena eramango zuela jakinarazi zigun eta guk horri emendakinak egin dizkiogu. Prozesuarekiko gure desadostasuna azaldu dugu eta mahai negoziatzailera eramateko eskaera luzatu diegu. Izan ere, lanpostu berri hori sortzeko hezitzaileenak ziren lanpostuak suprimitu baitituzte (plazak hutsak ziren baina ez dugu onargarria ikusten).
Enpresak STEILAS sindikatuaren Mahai Negoziatzailera deituak izateko eskaera kontuan izan du eta hurrengo ostiralen, irailaren 23an, bilera edukiko dugu. Baina, azpimarratu beharra daukagu, gai-zerrendan ez dutela kontratazioen inguruko puntua txertatu. Hori dela eta, gaur berriz ere, puntu hori gai-zerrendan sartzeko eskaria luzatu diogu enpresari.
Bestalde, hainbat dira Haurreskolak Partzuergoan ematen ari diren aldaketak, batez ere, hezitzaile ordezkoek dituzten euskarrietan. Aurreko ikasturteko bileretan, Ordezkagunea plataforma Haurreskolak Partzuergoan ezartzeko lehen urratsak ematen ari zirela esan ziguten eta, horrek, aldaketa ezberdinak ekarri ditu. Enpresak ez digu aldaketen berri eman, berriro ere alde sozialarekiko duen komunikazio falta erakutsiz, eta plataformari buruz galdetu diogunean, Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna dela esan digu.
Hauek dira, momentuz, hautagaientzat aldaketarik garrantzitsuenak, jakinik plataforma poliki-poliki osatzen joango direla eta oraindik akatsak egon daitezkeela:
-
Hezigunea: hautagai bakoitzaren lan egoera zein den ikusteko https://hezigunea.euskadi.eus/eu/inicio loturan sartu behar gara. Lan egoeraz gain, deia jasotzeko aurretik dugun hautagai kopurua ikusteko aukera egotea eskatu dugu.
-
Azken deituen datuak: enpresa zerrenda orokorraren zenbakiak erabiltzen hasi da, lurraldeen zenbakiak albo batera utziz.
Hori guztia gutxi balitz Hezkuntza lege berria ere ate joka daukagu, Haurreskolen inguruan ez du doakotasunaz gain ezer gehiago proposatzen, hau da, ez gaituzte Hezkuntza Sailaren barruan kokatzen eta onartezina da.
Ikasturte latza dugu aurretik, baina denon artean lortuko ditugu Haurreskolak Partzuergorako eta bertako langileontzako ahalik eta lan baldintza eta etorkizun hoberenak.
Leave A Comment