2022ko abuztuaren 1etik, Eskubide Sozialen Departamentutik Hezkuntza Departamentura eskualdatu dira Nafarroako Gobernuaren haur eskolak. Aldaketa horren bidez, antza denez, 0-3 zikloaren hezkuntza-izaera aitortzen zen, eta hezitzaileak Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa integralaren mende geldituko ziren, gainerako hezkuntza etapetako irakasleak bezala.

Hala ere, ezusteko galanta izan dugu, 0-3ko hezitzaileak “irakasle ez diren” langiletzat hartzen baitira. Izendapen negatiboak eragozten du langile horiek gainerako irakasleek dituzten eskubideak baliatzea, hala nola zuzeneko irakaskuntzako adinagatiko ordutegi murrizketak. Haien lan baldintzak Ardatzean negoziatu beharko dira, beste sektore batzuetako langileenekin batera, langile horien zereginak ez baitu zerikusirik hezkuntzarekin.

0-3ko langileak “irakasletzat ez hartzea” guztiz kontraesankorra da uztailean onetsitako dekretuarekin, zeinak Departamentuari ematen baitizkio ziklo osoko hezkuntza koordinaziorako funtzio berriak Nafarroa guztian, eta Haur Hezkuntzako irakasle guztiei, 0-3 zein 3-6 zikloetakoei, curriculuma ezartzen dien dekretu bat lehen aldiz argitaratzearekin. Zergatik dira batzuk irakasleak eta besteak ez?

Eskubideak mugatzeaz gain, hezitzaileak “ez irakasle” gisa definitzeak zaildu egin nahi du Departamentuan sartzea udalen kudeaketa publikoko haur eskolak, eta erabat publifikatzea kudeaketa pribatuko udalen eskolak. Nafarroako Gobernuak ez du onartu nahi familia guztiek eskubidea dutela ikaspostu publikoa, doakoa eta aukeratutako hizkuntza ereduan izateko, 3-6 zikloan gertatzen den bezala.

Laburbilduz, 0-3ko hezitzaileak “ez irakasletzat hartzeak” dakar zikloa etapa ez hezitzaile gisa tratatzen jarraitzea eta funtzio asistentzial batera baztertzea. STEILASek aipatu diskriminazioa salatu zuen hezkuntzako azken mahai sektorialean, eta bidegabekeria hori konpontzeko borrokan jarraituko du.