Azaroan sartu garen arren, Hezkuntza Sailak inongo bizi seinalerik eman gabe jarraitzen du. Bi hilabete pasatxo badira ikasturtea hasi genuela eta ez dugu inolako berririk. Hainbatetan salatu dugun arren, komunikazioak erabat etenda jarraitzen du eta badirudi, Heziketa Bereziko hezitzaileak bigarren maila batean gaudela beraientzat.

Ugariak dira beraiekin harremanetan jarri garen aldiak eta, erantzunik ez. Uztailean egindako kontsultak ere baditugu oraindik erantzunik jaso gabe tartean. Horrez gain, Administrazioa kontratazio berriak egiten hasi da, bai langileei eta baita ordezkarioi ere, kontratazio berri hauen baldintzak eta ondorioak zeintzuk diren azaldu gabe.

Hau guztia gutxi balitz, negoziaketa ere geldirik dugu. Lotsagarria da, azaroan egonik, beranduenez abenduan atera behar den meritu lehiaketaren berririk ez izatea eta zer esanik ez, 2004tik erabat zaharkituta dugun Lan Hitzarmena ukitu ere egin gabe izatea. Onartezina.

Hau guztiagatik, STEILAS sindikatuko hezitzaileok bunkerizazioa alde batera uztea eta beharrezkoak diren mahaiak lehenbailehen deitzea eskatzen diogu Sailari.

Arreta zuzena eta negoziaketa orain!!!