EAJ, azken bi urteotan, Haurreskolak Partzuergoaren izaera eta kalitatea suntsitzen ari da. Ratioak handitu ditu gelako hezitzaile bakarra ezarriz kasu askotan, ordezkapen asko eta asko ez ditu betetzen (60 urtetik gorakoen lanaldi murrizketak barne), matrikulazioan aldaketak gauzatu ditu, haurreskolen ordutegiak murriztu ditu…

EAEko haurreskola publikoetan gure ratio propioak izan ditugu beti. Bi hezitzaile gelako jardunaldi osoan hain zuzen ere, kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatuz urteetan zehar.

Baina azken hilabeteetan, gauzak aldatu dira eta enpresa, kontratazio berriak ez egiteko, azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuko 12. artikuluan agertzen diren ratio estatalak aplikatzen ari da, hain zuzen ere. Guretzat hau onartezina da. EAJk Madrilen autogobernua eskatzen duen bitartean, EAE mailan, marko estatala babesten du, orain arte irizpide propioak aplikatu izan dituenean.

Politikariek hezkuntza lege berrirako akordioan Haurreskolak Partzuergoa indartu behar zutela saldu nahi izan baziguten ere, argi geratzen da erabaki hauekin, urratsak kontrako norabidean besterik ez direla ematen ari.
STEILAS sindikatuak, gela bakoitzeko bi hezitzaile bermatuta izatea, eman diren beste murrizketak bertan behera uztea eta nola ez, hezitzaileen lan baldintzak duintzea eskatzen du. EAJ, estatu mailan eredu gisa saltzen aritu dena suntsitzen ari da, beraz, gutxienez genuena berreskuratzea exijitzen diegu Jaurlaritzari eta Haurreskolak Partzuergoko gerenteari.