Egungo gure gizarte honetan indarkeria matxistak ez du etenik. Telebista, sare sozialak eta egunkariak irakurtzea besterik ez dago agerikoak diren indarkeriak egunero ikusteko.

Hala ere, ez ditugu ahaztu behar egunerokoan bizi ditugun matxismo egoerak existitzen direla, batzuetan agerikoak dira, beste batzuetan mikro-matxismo formatuan eta ezkutukoak. Horregatik esaten dugu Azaroak 25erako gure lelo honetan inertzia matxistak eten behar ditugula. Egunero gertatzen direlako, nazkatuta gaudelako behin eta berriz egoera horiek bizitzeaz eta oraindik etenik ez izateaz.

Badakigu gure haurrak aukera berdintasunean eta askatasunean hezi nahi ditugula. Horrenbestez, gai hau egunero landu beharreko gaia da, egunero gertatzen delako. Jaiotzen garen momentutik indarkeria matxistarekin hazi eta hezten gara, eta neurriak jarri behar dizkiogu. Bai gure egunerokoari, bai gizartean gailentzen ari diren feminismoaren kontrako ideologiei ere.

Oso kezkatuta gaude; Feminismoak agenda politikoan erdigunean jartzearekin batera, haren kontrako ahotsak altxatzen ari direlako. Tamalez, eskoletan berdintasunarekin eta feminismoarekin lotutako edukiek erresistentziak jasaten ari dira, gauzak horrela, gazteen artean feminismoaren kontrako jarrerak gero eta indar gehiago azaltzen hasi baitira.

Honen aurrean, mugimendu feminista eta emakumeak baturik ikusiko gaituzte. Gainera lanean jarraituko dugu eta aurre egingo diegu erasoei. Feminista izango den mundu bizigarriago batean sinesten dugu, eta horretarako beharrezko aliantzak bilatuko ditugu.

Honegatik guztiagatik Azaroaren 25ak borrokarako eguna izaten jarraituko du guretzat.