Atzo, irailak 20, Negoziazio Mahai berria egin zen, oraingo honetan Lanbide Heziketaren erregulazioa Gizarte Ekimeneko Hitzarmenaren barruan negoziatzeko. Indarrean dagoen hitzarmenaren IV. eranskinean, 2020-21 ikasturterako Lantokiko Prestakuntzako asteko 6 orduak koordinatzailearen eta tutorearen artean nola banatu eta tailerretan banaketak nola aplikatu negoziatzeko konpromisoa hartu zen. Gainera, aspaldi honetan, STEILASek beharrezkotzat jo du hitzarmenean arautzea enpresetan praktikaldiak eragiten dituzten eskola-orduen banaketa irregularra. Horri guztiari LH duala pixkanaka ezartzea gehitu behar zaio, eta hori ere hitzarmenean arautu behar da.
STEILASek eta gainerako sindikatuek aspalditik helarazi dizkiegu Patronalei gai horiei buruzko gure proposamenak. Atzo, azkenean, Kristau Eskolak eta AICEk kontraproposamen bateratua ekarri zuten bi gairi buruz: lantokiko Prestakuntzen jarraipen-orduak eta eskola-jardunaldiaren banaketa irregularra. Hala ere, ez zuten ezer planteatu banaketen inguruan.
STEILASek, Lantokiko Prestakuntzako koordinatzailerik ez dagoen ikastetxeetan irakasle-tutore bakoitzari astean 6 eskola-ordu esleitzea gelako aste guztietan proposatu du, talde bakoitzaren jarraipena egitea dakarten lanak aurrera eramateko. Koordinatzailea duten ikastetxeetan, 4 eskola-ordu izatea proposatzen dugu. Kristau Eskolak eta AICEk, lan hori bere gain hartzen duen pertsonari (ez dute konpromisorik hartzen irakaslea izateko) astean 4 irakastordu eta bi ordu osagarri esleitzea proposatu dute, baina praktika-aldian bakarrik, hau da, 11 eta 13 aste bitartean, betiere taldea 25 ikaslekoa bada. Taldea txikiagoa bada, proportzionalki ordu gutxiago esleituko dira. Gainera, bere proposamena baztertzailea da ez dituelako barne hartzen oinarrizko LHko tutoreak.
STEILASek onartezintzat jo du patronalaren proposamena. Eskasa da, eta oso urrun dago ikastetxeek dituzten talde bakoitzagatiko orduetatik. Gainera, banatzeko modua aldez aurretik adostuta gelditu zen aurreko lan-hitzarmenean. Gainera, ez dugu inola ere onartuko funtzio hori irakasle batek ez betetzea, ezta oinarrizko LH hitzarmenean arautu gabe geratzea.
Irakastorduaren banaketa irregularrari dagokionez, STEILASek hitzarmenean ezarritako irakastorduak 3 ordu gainditu ahal izatea gehienez proposatu du, baita ordu bakoitzeko lan egindako denbora osagarria aitortzea, asteko 32 ordu presentzialak gainditu gabe. Kristau Eskolak eta AICEk 27 ordura artekoa izatea proposatu dute (hitzarmenak gaur egun 22 markatzen ditu muga gisa), dagokion denbora osagarria aitortu gabe, eta, gainera, proposatu dute plantillaren portzentaiarako 28, 29 edo 30 astekoa izan daitekeela proposatu dute, ordu osagarrien aitorpen partzialarekin, zehaztu ez duten arren.
STEILASek Kristau Eskolaren eta AICEren proposamenak, neurriz kanpokoa izateaz gain, ez duela hitzarmena betetzen uste du, ez duelako onartzen irakastordu bakoitzak sortzen duen denbora osagarria, gaur egungo 22 eskola-orduetatik gorakoa bada ere, eta, gainera, 30 eskola-ordu lan egin ahal izatea proposatzen duelako, hitzarmenak ezartzen dituen hiru orduen ordez bi ordu osagarri lan pertsonalarako bakarrik utziz.
STEILASetik patronalei hurrengo bileran proposamenak egin ditzatela eskatzen diegu, jarrerak hurbiltzeko eta, jakina, indarrean dagoen hitzarmena errespetatzeko. Lanbide Heziketa arautzeko prest gaude, baina ez prekarizaziorantz, ezta eskuratutako eskubideei uko eginez ere.
Lanbide Heziketako erregulazioari buruzko hitzarmenaren hurrengo negoziazio-mahaia urriaren 20an izango da. Informatuta mantenduko zaituztegu.
Leave A Comment