Euskaltzaindiaren definizioaren arabera Mantra etengabe errepikatzen den ideia edo esaldia da. Titulartasun pribatuko ikastetxeen mantra ikaspostu bakoitzaren kostu erreala estaltzeko funts publikoetatik nahiko diru jasotzen ez dutela da. Baina, askotan errepikatzearen ondorio ere gezurrak ez dira egi bilakatzen.

Indarrean dagoen 1987ko Hezkuntza Itunak arautzen dituen dekretuak  behartzen badu ere azken 40 urteotan ikastetxe pribatuek ez dute inongo urratsik eman doakotasunerantz, kontrara hezkuntza eskubidea gero eta merkatu logika gordinago baten bitartez kudeatzen denez, lehia logika nagusitu da, nor baino nor hezkuntza eskaintza zabalagoa, erakargarriagoa eskaintzeko, horrek gainkostuak suposatzen badizkiete ere.  Diru ekarpena suposatzen duten ikasleak erakartzeko arauhausteak eta trikimailuak ugariak izan dira azken urteetan eta Eusko Jaurlaritzako konplizitatea eta ez ikusiarena egitea ohikoa izan da, edozein ikastetxe pribatuen eskaerei balekoa emanez eta egun pairatzen dugun maila sozioekonomiko apaleko ikasleen segregazio basatia ahalbideratu duen ituntze sistema unibertsala sortuz.

Egun Hezkuntza sisteman sare pribatuak sortu duen lehiakortasun horrek irizpide pedagogikoak, kohesio soziala eta aukera berdintasuna zapaldu dituzte. Ikastetxe pribatuek ez dute Eusko Jaurlaritzaren aldetik oztoporik topatu, azpifinantziazioaren izenean, joko arauak hausteko. Permisibitate honen aurrean, ez dute inongo beldurrik izan behar beste zulo ekonmikoak sortzeko beraien gardentasunik gabeko kontu korronteetan. Hona hemen hainbat adibide: 0-3 adin tarteko gela irekiz, astean eskaini behar duten irakaskuntza orduak baino gehiago eskainiz, HEZKOOP tarteko ikasleak erakartzeko irizpideetan oinarritutako alperrikako obrak aurrera eramanez  (jolastokiak, kiroldegiak, fatxadak, igerilekuak…) gerentzia postuak sortuz, marketing arduradunak kontratatuz eta abar. Horren ondorioz legez kanpoko kuotak kobratzen dizkiete familiei, leiakortasunez jositako eta kalitatearen izenean hezkuntza-merkatuaren tren horretara igotzea garesti ateratzen zaielako alegia. Baina are garestiago ateratzen zaio gizarte osoari, kohesio sozialari egiten zaion kaltean, eragiten duen klasismo eta bereizkerian.

Baina hasierako esaldia berreskuratuz … beraien argudiategia oinarririk gabekoa dela  begibistakoa da. Orain dela egun gutxi hedabideen bitartez jakin genuen bai ikastola pribatuen bai kristau eskolako zuzendariek urtero ikasleko 1.500 euroko gehikuntza kalkulatzen dutela kuotak kobratzeari utzi ahal izateko, hau da, 250 milioi euro inguru. 2017Ko irailaren 17an Mikel Ormazabalek hau zioen egindako elkarrizketa batean “Kristau Eskola familiei kobratzen dien kuotei uko egiteko prest legoke, Eusko Jaurlaritzak finantziaketak %25 igotzen badigu”

Itunpeko ikastetxe pribatuek jasotzen dituzten diru publikoko modulu ekonomikoak % 17 igo dira 2017tik 2022ra. Beraz, hurbil egon gintezke Patronalen logika erabilita, baina EZ, MANTRA errepikatzen dute. Orain Kristau Eskolak eta Ikastolen Elkarteak ikasleko jasotzen dituzten 4174 euroz gain, beste 1500€ beharko lituzketela diote, hau da, %36 gehiago behar dute oraindik. Gainera, haien esanetan, beraien kontu korronteak diru publikoarekin %17arekin puztu ondoren 2017an baino okerrago omen daude, badirudi ez dagoela mantra etengo duen gainfinantziaketarik.

Hezkuntza legea sukaldatzen ari diren alderdi politikoek galdera hauei erantzun beharko liekete zintzoki: Egongo al da noizbait doakotasuna ahalbidetuko duen finantziazio nahikorik? Zergatik finanziatu behar du gizarteak hezkuntza sistema itundua? Zergatik ez da bultzatzen publifikazio prozesu irmo bat hezkuntza sistema publiko bat sendotzeko?

Engaina ez gaitzaten, Hezkuntza patronalek etengabe errepikatzen diguten mantra horren atzean bi gauza besterik ez daude, merkantilismoa eta ezkutuko segregazioa!