EAEko Hezkuntza-sistema baldintzatuko duen adostasunik egongo bada, irakasleen, hezitzaileen; eta, oro har, hezkuntzako langile publikoen lan baldintzen hobekuntzari lotuta egongo da. Iraungita dauden lan-hitzarmenak berritzeko negoziazioak hasi bagenituen ere, orain arte esan dezakegu gobernuak ez duela zintzotasunez jokatu eta ez duela lan-baldintzak hobetzeko asmo irmorik adierazi.

STEILASen argi dugu zerbitzu publikoen indartzea bertan lan egiten duten langileen lan baldintzen hobetzearekin batera etorri behar duela, bata bestearen ondorio zuzena baita. Baina Hezkuntza Sailak ez du momentuz noranzko horretan aurrerapausorik emateko asmorik azaldu.

Guztiz kontrakoak diren adibideak aurki ditzakegu:

  • Auzitegi Gorenaren erabaki baten irakurketa tranpati bati eutsita, sailak ordezkoei uztaileko nomina ordaintzeari uzteko mehatxua jarri du mahai gainean. Uztaila ofizialki lan hilabetea denez, zerbitzuak benetan eman beharko dira kobratu ahal izateko. Horrek gure hitzarmenaren (185/2010 Dekretua) 19. artikuluan (ikasturtean zehar 165 egun lan eginda udaldia kobratzeko eskubidea) jasotakoaren kontra egiten badu ere.

  • Uztailean guztiok lanean jarri nahi gaituzte eta Bigarren Hezkuntzako zuzeneko eskola orduak handitu nahi dituzte.

  • Edoskitze-lizentzian ere Hezkuntza Sailak murrizketak egin ditu. “Egun asko dira” argudiopean eta legeak dioenaren interpretazio maltzurra eginez, edoskitze-egunen gutxitze bat egon da jardun murriztuan lanean dauden langileengan.

Bestalde, erretiroaren kasuan, sektore pribatuan baino baldintza okerragoak ditugu, eta publikoko langileen artean ikaragarrizko aldeak ditugu adinagatiko erretiro baldintzetan. Bada garaia kontu honi ere irtenbide bat emateko. Gure partetik proposamen zehatzak helarazi dizkiogu, baina Hezkuntza Sailak ez du gaia seriotasunez landu nahi. Gaia ezinbestekoa da publikoko langile guztiontzat, are gehiago langileon batez besteko adina 40tik gorakoa daukagunean. Honekin lotuta, ordezkoek gaixotasunagatiko eta adinagatiko jardunaldi-murrizketak hartzeko ezintasunak ere badituzte.

Eta azkenik, azken hamarkadan eros ahalmena %20tik gora galdu dugu eta hori ere onartezina da, pixkanaka hau berreskuratzen hasi beharko genuke.

Hezkuntza komunitateari jakinarazten diogu, baita Hezkuntza Sailari ere, arduratsu jokatuko dugula eta negoziazioari ekiteko gogotsu gaudela, baina ez gaitzatela nahasi denbora galtzeko edukirik gabeko bileretan. Hezkuntza publikoarentzat eta langileentzat erabakiak hartzea premiazkoa da, eta gu horien alde borrokatzeko prest egongo gara, esan bezala, hezkuntza-sistemaren etorkizuna langileen baldintzei lotuta dagoelako. Eta esan beharrik ez dago, aldebakarrez eta azpikeriaz hartzen diren neurriak ez ditugula onartuko.