Kristau Eskolak eta AICEk Gizarte Ekimeneko ikastetxeen hitzarmenaren negoziazioa blokeatu dute. Beren azken proposamenean eskubideak kentzeko ahalegina berretsi eta
negoziazio-mahaia sine die eten egin dute.
Kristau Eskola eta AICE patronalek, atzo, otsailak 2, edukirik gabeko ukitu estetiko batzuk egin eta gero, orain dela bi hilabeteko azken bileran egindako proposamen berdina aurkeztu zuten
hitzarmenaren negoziazio-mahaian. Gainera, Gizarte Ekimeneko langileen eskubideak murrizteko saiakerak berretsi egin dituzte beraien proposamenean.
STEILASek egungo hitzarmenetik abiatutako eskubide-murrizketarik gabeko proposamen bat ekartzeko eskatu zien Kristau Eskolari eta AICEri. negoziazioa ahalbideratuko lukeen edukizko
proposamena, hain zuzen ere . Baina tematuta daude eta oraindik ere nahi dute:

 

  • Ekoizpenagatiko aldi baterako kontratuak 12 hilabetera arte luzatu, legeak lehen egunetik
    mugagabeak izan behar dutela esan arren.
  •  Haur Hezkuntzako lehen zikloan eta Lanbide Heziketan tutoretzaren ordainketa aplikatzeko
    araubide iragankor bat adostu, hitzarmenak eta epaimahaiek ordaindu behar dutela
    adierazi arren.
  •  Lanbide Heziketan 22 orduko eskola-lanaldia ez errespetatu, hitzarmenean 26 ordura
    arteko eskola-lanaldi arrunta adostuz, inolako konpentsaziorik gabe.
  • Gaixotasunagatiko bajaren edo jaiotzagatiko baimenaren kasuan, Gabonetako eta Aste
    Santuko opor-egun guztiak berreskuratzeko aukera kendu.
  • Ikasgelak ixteagatik lanpostua galtzen duten langile finkoei birkokatzeko eskubidea
    mugatu.

Gainerako edukiei dagokienez, ez dago aurrerapenik. Patronalen proposamenak alde batera utzi ditu STEILASen eskaerak, eta ez du inolako planteamendurik egiten lan zama arintzeko, ezta
kolektiborik prekarizatuenen eta feminizatuenen lan-baldintzak hobetzeko ere. Bereziki iraingarria da beraien soldata-proposamena. Sektoreko langileon soldatak izoztuta
daude 2020tik eta 2021eko KPIaren %6,4ko igoera gehi 2022ko %5,4a gure gain hartu behar izan ditugu. Patronalen egoskorkeriak ez dauka ez hanka ez buru. Izan ere, Hezkuntza Sailak 2020tik
modulu ekonomikoen bidez beraien finantzazio publikoa %11,5 handitu dien arren, 2021erako %0 planteatzen dute, eta 2022rako % 0,42 DBHn eta % 1,52 Haur eta Lehen Hezkuntzan. Hezkuntza
Saila desagertuta dago, ez ditu gure bilera-eskaerak aintzat hartzen, birkokatzeko akordioa ahaztuta dauka eta ez du ikastetxeen esku jartzen duen diru publikorako kontrol mekanismorik
ezartzen.
STEILASek errealitatera egokitutako zentzuzko negoziazio baten alde egiten du, zeinek langileon erosteko ahalmenari eustea eta lan-baldintzak hobetzea ahalbideratuko lukeen. Baina patronalak
ez dira maila ematen ari, ez dira erantzukizunez jokatzen ari eta, argi eta garbi, gatazka berriro sortzeko hautua egin dute; langileoi mobilizazioen bidea besterik utziz.

Argi izan STEILASek borrokari eutsiko diola!