Ukraniako gerraren lehen urteurrena dela eta: Errusiaren erasoa eta NATOren politika espantsionista gaitzesten ditugu, baita Europako gobernu guztien gero eta militarismo handiagoa ere.

Ukraniako herri langilearekin solidarioak gara eta Errusian eta Europako gainerako herrialdeetan gerrari uko egiten dioten emakume eta gizonen alde gaude.

Ukraniara armak bidaltzeari uko egiten diogu; izan ere, gertakariek erakusten dutenez, horrek gatazka areagotzeko eta Europa Errusiarekin gerrara bultzatzeko baino ez du balio.

Gerra eskubide sozialak eta lan-eskubideak murrizteko erabiltzen ari dela salatzen dugu. Atzerapausoa da klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta ideologia militaristak eta autoritarioak hedatzen ditu, Europako gizartean eragina izango dutenak, batez ere emakumeengan.

Euskal Herriak ez du Gernika eta gerrak herriarentzat dakarren sufrimendua ahazten, horregatik, alde bateko edo besteko errefuxiatu eta desertoreei elkartasuna adierazten diegu.

Horregatik guztiagatik, Espainiako estatuko gobernuari eskatzen diogu ahalegin guztiak egin ditzala berehalako su-etena lortzeko eta Europa Erdialdean bakea sustatzeko.