Iazko azken hilabeteetan, Hezkuntzako Mahai Sektoriala osatzen dugun sindikatuok bilerak egin genituen parlamentuko talde guztiekin, ordezkari politikoei Nafarroako ikastetxe publiko guztietan ratioen premiazko jaitsiera ezartzeko beharra adierazteko. Parlamentuko talde bakar bat ere ez zen neurri honen kontra agertu. Gaurkoan, Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean gure jarrera adierazten dugu. Guztiz beharrezkoa ikusten dugu gai honi heltzea, kalitatezko hezkuntza-sistema publikoaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko ezinbestekoa dela deritzogulako.


Sindikatu guztiok uste dugu beharrezkoa dela ikasgelako ikasleen ratioak behingoz jaistea, horrek nabarmen hobetuko bailuke Foru Komunitateko hezkuntza-arretaren kalitatea. Gainera, jaitsiera horrek ekarriko lukeen beste hobekuntza esanguratsu bat da hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleek behar duten hezkuntza pertsonalizatua izan dezaketela, euren ikaskuntza zein ikasle guztiena erraztuz.

Ratioak jaitsiz gero gainera, jaiotza-tasa behera egiten ari den honetan, ikasgelak eta ikastetxeak ixtea saihestuko litzateke batetik, eta bestetik, plantillak egonkortzea bultzatuko litzateke, hezkuntza publikoko irakasleen behin-behinekotasuna oso altua izaten jarraitzen duenean.

Hezkuntzako negoziazio-mahaia osatzen dugun sindikatuok argi daukagu premiazkoa dela Hezkuntza Departamentuak gaian esku hartzea eta geletako ratioen presazko murrizketari luze gabe heltzea.

Gure proposamenak ondoko ratioak jasotzen ditu: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza 20 ikasle, Bigarren Hezkuntzan 23, Batxilergoan 25, Lanbide Heziketan 15 eta Oinarrizko Lanbide Heziketan 8. Horretaz gain, Eskola txikitan maila edo etapa-anitzetako geletako ratioen jaitsiera ere eskatzen dugu.

Kontuen Ganberaren txosten berriak (2022ko urriaren 21ekoa) adierazten du Nafarroa dela ikasteko zailtasunak dituzten ikasle erroldatuen ehuneko handiena duen erkidegoa ( % 30). Era berean, txosten horren arabera, egoera horrek bereziki eragiten die ikastetxe publikoei, gainerako zentroek baino ehuneko handiagoak baitituzte. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak erantzun bat eman behar du, eta, besteak beste, 2023-2024 ikasturterako aplikatu beharreko ratioak murriztu behar ditu.

Parlamentuko taldeei euren jarduera-eremuan ratioen jaitsiera babestea eta jaitsiera horiek lehenbailehen gauzatzen laguntzea eskatzen diegu eta baita ratioen jaitsiera negoziatuko duen Hezkuntza Departamentuari ere, Hezkuntza Itunean eta Gobernu Akordioan hartutako konpromisoan aurrera egin ahal izateko.

LAB- STEILAS-AFAPNA-ANPE-CCOO-ELA-UGT