Datorren ostegunean Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea izango dugu. Azken bileran enpresak egindako proposamena zuzendu beharko lukeen dokumentu berria atzo bidali behar zigun, baina oraindik ez dugu ezer jaso. Edozein modutan, “2023-2024ko Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza, funtzionamendua eta haurren izen-emate arauak” dokumentuari STEILAS sindikatuak egin dizkion ekarpenak aintzat hartu izana espero dugu.

Ekarpen horiek doakotasuna eta unibertsaltasuna baldintzatzen eta haurren matrikulazioa mugatzen eta burokratizatzen dituzten neurriak bertan behera uztea bilatzen dute. Hauek dira:

  • Familiei ezarri nahi dieten fidantza kentzea.

  • Ordutegiei aplikatu nahi dizkieten mugak desagertzea. Haurreskola guztiek zerbitzu tarte berdina eman dezaten, 7:30etatik 17:00ak arteko zerbitzua eskaintzea. Arratsaldeetako froga pilotua ez dugu babesten.

  • Haurreskola guztiek egutegi berdina izatea (arreta zuzeneko 208 egun). Egutegia luzatzeko proposamenak Lan Hitzarmenean jasota dagoenarekin kontraesanak sortzeaz gain, familien artean ezberdintasunak sortuko lituzke.

  • Familia zaurgarrienei sarbidea erraztea.

  • Haurren matrikulazioa gurasoen lan egoeraren menpe ez egotea (eszedentziak, baimenak, kontratuak…). Eskaintzen dugun zerbitzuak unibertsala behar du izan, gizarteak sortutako familien eta haurren beharrak konpentsatu behar baititu.

Horretaz gain, datorren ikasturterako Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileen lanpostuen zerrendaren proposamen berriaren zain gaude. Haurreskola txikiak hezitzaile bakarrekin uztea ez dugu onartuko. Haurreskolak Partzuergoaren kalitatea bermatzeko baliabideak behar ditugu eta, horretarako, beharrezkoak diren kontratazioak eta hezitzaileak eskatuko ditugu.

Osteguneko Mahai Negoziatzailea eta gero, jakin badakigu Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordea hilaren 22an bilduko dela, behin betiko proposamena onartzeko. Bilera hori gertatu bitartean, haurren onarpen araudia eta bestelako gaiak negoziatzeko ditugun aukera guztiak agortuko ditugu eta, orain arte bezala, langileen lan baldintzen alde borrokatzen eta informatzen jarraituko dugu.

#ElkarEkinEragin

2023-3-14 STEILASBERRI 7