Espainiako Kongresuak Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (LOSU) lege-proiektua onartu du. Senatuan onartutako emendakinek ez diote funtsezko aldaketarik ekarri aurretik Kongresuan onartutako proiektuari, ez bada kontratazio moldaketak eta irudi berriak ezartzeko malgutasuna eta denbora gehiago emateko Unibertsitateei. Beraz, kongresutik ateratako proiektu bera da ia orain onartuko dena.

STEILASen iritziz, ez da Euskal Herriko Unibertsitate mailako Hezkuntza Publikoak dituen beharrak eta asmoak asebeteko dituen Legea. Ez du Erkidegoen eta Estatuen arteko zatiketa administratiboa gainditzeko aurreikuspenik egiten edo horretarako tresnarik eskaintzen. Ez da, ezta ere, Unibertsitateak egungo dinamika merkantilista eta burokratizatzaileetatik askatuko dituen legea, nahiz eta legearen atarikoan bestelako diskurtsoa irakur daiteken.

Baina, horrekin guztiarekin ere, baditu zenbait alderdi eta ezaugarri interesgarri, aintzat hartzeko modukoak eta zuzenean interpelatzen dituenak hala Euskal Herriko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak nola Euskadiko Autonomia Erkidegoko Gobernua eta Nafarroako Foru Erkidegokoa ere.

Horrela, bada, eta 2030eko urtea helmuga jarrita, legeak Unibertsitate Publikoen finantzaketa publikoa BPGren %1-eraino igotzera behartzen du. Gaur egun EAEn EHUren aurrekontuaren finantzaketa publikoa BPG-ren %0,4-raino baino ez da heltzen. Azken urteotan portzentaje horrek hobera baino okerrera ere egin du eta laster onartuko den Unibertsitate Plan Berriak, 2023-2026 aldirako, ez dakar aurreikuspen onik Unibertsitate Publikoaren finantzaketa publikoaren ikuspuntutik. Nafarroa Garaian, berriz, baxuagoa da oraindik ekarpen publikoa, BPG-ren %0,36aren ingurukoa baita portzentajea.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuek ezin diote iskin egin agindu honi, eta hauxe izango da datozen urteotan Unibertsitate Publikoen eta gure gobernuen erronka nagusia.

Bestelakoan, Unibertsitatearen egitura, gobernantza eta irakaslegoari dagokionean ere alderdi positiboak ditu legeak (sufragioan oinarritutako ordezkapen eta aginte egiturei eusten die, irakasle laboralak eta funtzionarioak berdintzen joateko bidea irekitzen du, Errektore izateko ez du jada funtzionario izatea eskatzen; genero berdintasunaren aldarrikapena) baina baita ilunak ere (mantentzen da Unibertsitate Publikoetako irakaslegoaren gehiengoa funtzionario izan behar delako baldintza; Gizarte Kontseiluaren egitura ere ia bere horretan mantentzen da, aukera galduz gizartearen ordezkaritza zabal eta anitzago baten alde egiteko aukera, gaur egun nagusi diren estamentu politiko eta enpresarialen ordezkaritzaren ordez).

Ikasketen egiturari dagokienean, ez da graduen eta graduondokoen egitura aldatzen baina bizitza osorako ikasketen garrantzia azpimarratzen da eta mikrokredentzialak edo mikrograduak ere aipatzen dira berrikuntza modura. Zertan gauzatuko dira halako proposamenak? Enpresekiko menpekotasun areagotuan ala gizarte zerbitzurako eskaintzan? Hemen ere legeak eta politika publikoek agintzen edo sustatzen ez dutena merkatuak erabakitzeko arriskua dugu azkenean. Horregatik da, besteak beste, horren garrantzitsua Unibertsitate Publikoen finantzaketa hobetzea.

Plantillaren eta batez ere irakaslegoaren egonkortzeari dagokionean, aldi baterako kontratazioa %8-raino jaisteko konpromisoa hartzen da. Baina kopuru horretan ez dira irakasle atxikiak aintzat hartuko, ezta osasun arloko irakasle elkartuak ere. Egonkortze neurriak Irakasle Elkartuei zuzentzen zaizkie bakarrik, haienak kontratu mugagabeak bihurtzeko aukera emanez. EHUn eragin mugatua izango du neurri honek, ez baita Espainiako beste Unibertsitateen adinako gehiegikeriarik gertatu irudi honekin. Ez da ordea, arduraldi partzialeko bitarteko irakasleen egoeraz eta prekarietateaz ezer esaten, hauena denean gure Unibertsitateko prekarietate poltsarik handiena, hain zuzen ere legeak ezartzen duen ordezko irakasle kategoria berriarekin betikotzeko arriskua dagoena.

Hartara, ez da plantillaren funtsezko egitura aldatzen eta nahiz eta orain Irakasle Atxikiei ez zaien akreditazioa eskatuko, plantillan egonkortzeak eta ibilbide akademikoan aurrera egiteak oraindik ere akreditazio sistema burokratikoaren menpe geratuko da horrek irakasleengan sortarazten duen elkarren arteko konpetentzia eta antsietate guztiarekin.