Hezkuntza Sailaren politikak eta kudeaketak eragin zuzena daukate ikastetxeetako egunerokoan baita hezkuntza publikoaren etorkizunean ere. Horrek ezinbestean ikastetxe publikoetako hainbat gelen eta zentroren itxiera ekarriko du, baita lanpostuen galera eta lan baldintzen okertzea ere.

Baliabide falta eta berauen kudeaketa desegokia nabarmenak dira. Batetik, lurralde ordezkaritzetako pertsonal falta eta bunkerizazioa ditugu;
langileen informazio faltan eta ziurgabetasunean eragin zuzena dutenak. Bestetik, eta ez horregatik garrantzia gutxiagokoa, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen beharrezko eta kalitatezko arreta bermatuko duten baliabideen etengabeko murrizketa. Ugariak dira ikasleak beharrezko laguntzarik gabe eta bertako hezitzaileak lanez gainezka dituzten ikastetxeak.

Hau guztiarekin, langileen lan baldintzen okertzea dugu eta errealitate hori hobetzeko heldulekurik ez dugu, gure lan hitzarmena 2003koa baita, hau da, guztiz iraungita dago. Gainera, Sailaren politikak eta kudeaketak ikusirik, posible da bat-batean eta alde bakarrez jarraibide, agindu edo dekretu-ren bat atera eta langileen eskubideak urratuz, lan hitzarmenean jasota dagoen hori ere indargabetzea edo aldatzea. Hildo beretik, aipatu gabe ezin utzi, Administrazioaren aldetik ohitura biurtu den negoziaketa eza unean-unean egokien datorkiona aplikatzen duelarik.

 

Horregatik guztiagatik, Euskal Eskola Publikoaren, inklusioaren
eta langileen lan baldintzen alde borrokatuko dugu!!!