2023ko martxoaren 30an EAEko Hezkuntza Publiko osoan gauzatuko diren hauteskundeek berebiziko garrantzia dute Haurreskolak Partzuergoko langileentzat eta baita STEILAS sindikatuko ordezkarientzat ere.

Besteak beste, eta azken ikasturteetan bizitako egoera ezberdinen ondorioz, hauteskundeak 3 lurraldeetan gauzatuko direlako: Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azkenik, Hezkuntzako gainontzeko sektoreekin batera, elkarrekin aurkeztuko gara. Horrela, sinbolikoa izatetik urrun, bateratasun eta integrazio irudi sendoa ematen dugu Haurreskolak Partzuergoko langileok.

2019an Gipuzkoan azken hauteskundeak gauzatu zirenetik, ikasturte konplikatuak izan dira azkenak, denok ezagutzen ditugun arrazoiengatik (gerente aldaketak, pandemia, pandemia osteko kudeaketa, prozesu garrantzitsuen atzerapena…). Arabako eta Bizkaiko azken hauteskundeen bila 2016raino jo behar dugu (2020koak bertan behera utzi behar izan ziren eta). Bi hauteskunde horiek oso esanguratsuak izan ziren: 2016an Araban 3. indarra izatetik lehena izatera pasa ginen eta Bizkaian ere emaitzak hobetu genituen. Era berean, Gipuzkoan delegatu bat gehiago lortu genuen 2019an, jasotako bozka kopurua nabarmen hobetu genuelako. Hori guztia egunero-egunero egindako lanaren eta, batez ere, lan horrekiko zuek erakutsitako konfiantzaren ondoriozko emaitza izan zen. Langile askok ordezkaritza sindikalean beharrezkoa ikusten duzuen aldaketa errealitate bihurtzeko duzuen gogoa ere nabarmentzekoa da.

Bada, 2016an Araban eta Bizkaian hasitako eta 2019an Gipuzkoan sendotutako aldaketarako bide horrekin jarraitu nahi dugu STEILAS sindikatuko Haurreskolak Partzuergoko ordezkariok. Erraza ez dela izango badakigun arren, errotuta dauden dinamika ezberdinei buruz hausnartu eta horiek aldatzeko denbora behar baita, helburu horrekin dihardugu egunero lanean: Haurreskolak Partzuergoa guztiona izango den proiektu batean bihurtu eta guztiok irabaz dezagun.

Izan ere, Haurreskolak Partzuergoaren eta sindikatuen arteko harremanean % 100ean eragiten du ordezkaritza sindikalak. 2016an poliki-poliki orekatzen hasi zen harreman horren aldaketan sakontzen jarraitzea da gure jomuga, ezinbestean onuragarria izango den Haurreskolak Partzuergoko langileon ordezkaritza sindikala aberasteko eta gerentziak sindikatuekin (eta, ondorioz, langileekin) harremantzeko duen moduan behar-beharrezkoa den paradigma aldaketa bat gauzatzeko. Adibide bat emateagatik, ordezkaritza sindikal zabal eta anitzago batek langileon borroka indartu egingo du nahitaezkoa dugun Lan Hitzarmen berriaren negoziazioa iristen den momentuan.

Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu STEILAS sindikatuan Haurreskolak Partzuergo publiko, doako eta unibertsal bat aldarrikatzen jarraituko dugula, Euskal Eskola Publiko bakar, euskaldun, feminista, inklusibo eta laiko baten baitan.

 

Haurreskoletan hasten den eta unibertsitateraino iristen den Euskal Eskola Publikoaren aldeko borrokan sinisten baduzu, STEILAS sindikatuan sinisten duzu.
Datorren martxoaren 30ean, batu aldaketara!