Atzo, hilak 16, Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea izan genuen. STEILASBERRI 7an jakinarazi genizuen bezala, bi gai garrantzitsu izan genituen eztabaidagai, nagusiki:

1. 2023-2024ko Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza, funtzionamendua eta haurren izen-emate arauak. STEILASek egindako ekarpenen onarpena hurrengoa izan da:

  • Familiei ezarri nahi dieten fidantza kentzea. EZ ONARTUA
  • Ordutegiei aplikatu nahi dizkieten mugak desagertzea. Haurreskola guztiek zerbitzu tarte berdina eman dezaten, 7:30etatik 17:00ak arteko zerbitzua eskaintzea. Arratsaldeetako froga pilotua ez dugu babesten. EZ ONARTUA
  • Haurreskola guztiek egutegi berdina izatea (arreta zuzeneko 208 egun). Egutegia luzatzeko proposamenak Lan Hitzarmenean jasota dagoenarekin kontraesanak sortzeaz gain, familien artean ezberdintasunak sortuko lituzke. EZ ONARTUA
  • Familia zaurgarrienei sarbidea erraztea. ONARTUA
  • Haurren matrikulazioa gurasoen lan egoeraren menpe ez egotea (eszedentziak, baimenak, kontratuak…). Eskaintzen dugun zerbitzuak unibertsala behar du izan, gizarteak sortutako familien eta haurren beharrak konpentsatu behar baititu. EZ ONARTUA

Onartu ez diren ekarpenak gogor defendatu eta justifikatu genituen berriz bileran. Izan ere, hasierako proposamena eta atzokoa berdinak dira, funtsean. Enpresak adierazi zigun Zuzendaritza Batzordeari dokumentu berri bat bidaliko diola, baina aldaketak zeintzuk izango diren argitu gabe. Sindikatuoi ez digute helaraziko beste proposamenik, eta negoziazioa bukatutzat eman dute. Izango dugun hurrengo berria dokumentua onartu dela izango da eta, orduan, haurreskoletara bidaliko omen dute guztion eskura jartzeko.

Proposatu duten eta onartu nahi duten arautegiak haurreskolen etorkizunean nola eragingo duen arduratu egiten gaitu, oztopoz eta baldintzez josita baitago. Gaiak duen garrantzia eta eragina ikusita, Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari gure ekarpenak kontuan hartu eta proposamena birplanteatu dezaten eskatzen diegu berriz ere. Horretarako eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu.

Horretaz gain, jakin genuen haurren asistentzia kontrolatzeko irailaren 1erako prest egon behar den aplikatibo bat sortzen ari dela enpresa Hezkuntza Sailarekin batera. Familientzat formakuntza bat antolatuko omen dute aplikatiboa azaltzeko; informazio gehiago eskatu genuen arren, ez genuen lortu. Nola da posible horrelako aplikatibo bat hurrengo irailean martxan izatea baina langileontzat ikasturtez ikasturte eskatu ditugun baliabide informatikoak (Ordezkagune, nominak, kontratuak… kudeatzeko) behin eta berriz atzeratzea?

2. 2023ko lanpostuen zerrenda. Enpresak proposamen partzial bat egin zigun. Oraingoan, haurreskoletara 1000 lanpostu atxikitu ditu eta beste 35 zehaztu gabeko beste “atxikipen” batzuetarako gorde ditu (behar bereziko haurrekin lan egiteko, zonaldeka edota lurraldeka lan egiteko…). Enpresari proposamen zehatza eskatu genion, besteak beste, Lan Hitzarmena errespetatuko duena, eraikinen berezitasunak kontutan hartuko dituena eta haurreskoletan hezitzaileak bakarrik utziko ez dituena. Gauzak horrela, enpresaren hirugarren proposamenaren eta hurrengo bileraren deialdiaren zain egongo gara.

Bileran jorratu genuen beste gai bat aurtengo soldata igoera izan zen. Gauzatu ahal izateko enpresak txosten bat falta zaiola esan zigun. Ondorioz, posible da apirileko nominara itxaron behar izatea igoera hori jasotzeko.

2023-24 ikasturtera begira hain sakonak izango diren aldaketak jasotzen dituen behin-behineko proposamena matrikulazio kanpaina hasi baino aste batzuk lehenago jasotzea ez dela serioa azpimarratu nahi dugu. Sindikatuak, hezitzaileak eta familiak informazio eske ari gara aspaldi eta enpresa ez da gai izan informazio hori dagokion arduraz garaiz prest izateko.

Administrazio Publikoari modu orokorrean eta Hezkuntza Sailari zehazki STEILASek beti exijitu die (eta horrela egiten jarraituko dugu) aurrera eramaten dituzten politikak denona eta denontzat den (edo izan beharko lukeen) sistema publikoa babesteko izan daitezela. Horrela ez den bitartean, Euskal Hezkuntza Sisteman integratuko den benetako Haurreskolak Partzuergo publiko, doako eta unibertsala defendatzen jarraituko dugu.