Atzo, martxoak 30, hezkuntza publikoko milaka langilek bozka eman eta ordezkaritza sindikala hautatzeko aukera izan dute. STEILASek bere poztasuna adierazi nahi du lortutako emaitzengatik, berriro ere sindikatu bozkatuena izan garelako. Irakasle funtzionarioen sektorean lehen indarra izaten jarraitzen dugu eta Haurreskoletan, Lan Legepeko Hezitzaileetan eta Unibertsitateko AZPan gora egin dugu. Hori horrela, azken urteko gure joera mantentzen da sindikatu berri bat aurkeztu bada ere. Lan legepeko irakasle eta hezitzaileetan bi delegatu gehiago lortu ditugu. Partzuergoan igo egin gara eta Gipuzkoan delegatu bat gehiago lortu dugu.

Beraz, zorionak denei lortu ditugun emaitzengatik, zuek ere gure arrakastaren parte zarete eta. Eskerrik asko, hauteskunde prozesuan parte hartu duzuen guztioi, baita ikastetxeetan inplikazioa izan duzuenoi ere. Orokorrean mila esker lau urte hauetan gure bidelagun izan zareten afiliatuei, gertukoei eta bozkatzaileei.

Lan-baldintzen defentsa irmoarekin jarraituko dugu ordezkaritza dugun sektore guztietan. Hezkuntza Sailean, Haurreskolak Partzuergoan eta EHUn parte hartzen dugun mahaietan gure ahotsa ozen entzuteko aukera berretsi duzue.

Jakin badakigu urte korapilatsuak izan direla, eta mobilizazioetara jo behar izan dugunean prestu egon zarete, argi utziz gure hezkuntza komunitatea osasuntsua eta indartsua dela. Zuen indarrari esker lortu dugu proposatzen ari den hezkuntza lege pribatizatzaile honen kontra borrokatzea. Hezkuntzaren publikotasuna eta doakotasuna defendatu ditugu, hezkuntza dagokion gizartearen kohesiorako tresna izaten jarrai dezan. Horregatik hain zuzen ere, gure herrian dugun hezkuntza sistema duala salatu dugu eta betikotzeko sortu nahi den Euskal Hezkuntza Zerbitzua salatu dugu ere.

Hezkuntza Sailaren aldebakartasunaren aurrean negoziaziorako ahots sendoa ere izan dugu. Eta zuen bozkari erreparatuz, indartsu sentitzen gara orain inoiz baino gehiago, gure lan baldintzen alde borrokatzeko zuen izenean eta hori bideratzeko eskola publikoaren alde eta gure eskubideen defentsan irmoki egiten duten sindikatuekin posible diren aliantzak bilatzen jarraituko dugu, orain arte bezala.

Zuen bozkaren bitartez gure helburuetan berresten gaituzue. Beraz, zuen mezua entzun ondoren gu ere indarberriturik gaude tinko ekiteko Euskal Eskola Publiko feminista, euskaldun, inklusibo, integral, doakoa eta unibertsala lortu arte.