STEILASetik jakinarazi nahi dugu ez dugula parte hartuko Hezkuntza Sailak “sindikatuen arteko mahaia” deitu duen bileran. Dagoeneko jakina denez, hezkuntzan ordezkaritza dugun sindikatuak maiatzaren 4rako mahai horretara deitu gaituzte.

Dirudienez, etorkizuneko hezkuntza-legeari ekarpenak egitea da helburua, bai sare publikoko bai itundutako sare pribatuko langileei dagozkien lan-eskubideen gainean. Bitxia da mahai hori dagoeneko idatzita dagoen lege-proiektua aurkezten den unean artikulatzea. Jakina da STEILAS eskura izan dituen partaidetza-foro guztietan egon dela lege-proiektu hau idatzi aurretik, baina egin ditugun ekarpenetako bat ere ez da kontuan hartu. Are gehiago, pasiboki eta aktiboki jakinarazi zaigu gure proposamenak ez zirela gobernuaren asmoen baitan sartzen.

Horrela, gure aldarrikapenak ez ezik, Euskal Eskola Publikoaren alde agertu diren milaka pertsonenak ere urratzen dituen lege-proiektua argitaratu du Hezkuntza Sailak. Orain argi dago sailak lege honek duen adostasun sozial gabezia konpentsatu nahi duela, sindikatuekin negoziazio desitxuratua antzeztuz. Egoera horri gehitu behar zaio orain hain zabala zirudien adostasun parlamentario hura hauskorragoa dirudiela.

STEILASetik, unibertsitatez kanpoko irakasleen artean sindikaturik bozkatuena izateak ematen digun erantzukizunarekin, berriz diogu ez dugula ordezkaritza horretan parte hartuko, gure lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez negoziatzea baita gure helburua. Horregatik, negoziazio-mahai sektorialak aktibatzea eskatzen dugu, horiek baitira, legeak jasotzen duenaren arabera, elkarrizketarako espazio legitimoa.

Ikastetxeetako lan-kargaren handitzearen, baliabide faltaren eta lan-baldintzetan ematen ari diren murrizketen aurrean, argi daukagu borroka egiteko unea dela, eta ez berme eta zilegitasunik gabeko mahaietan entretenitzeko unea. Aldarrikapen askok eragiten digute hezkuntzako kolektibo ezberdinetan; besteak beste, premiazkoa da bitartekotasun-maila eta lan-karga murriztea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta erosteko ahalmena berreskuratzea, hori guztia lan-hitzarmen berrietan jasota.

Helburu horrekin, negoziazio mahaiak eta mobilizazioak tresna legitimoak direla jakinda, gure planteamenduekin bat egiten duten sindikatuen artean indarrak batzea bilatuko dugu, negoziazio mahai sektorialetan langileen lan-baldintzak hobetu ahal izateko, Euskal Eskola Publikoaren defentsari zintzo eusten diogun bitartean.