Martxoaren 16an izan genuen azken mahai negoziatzailea enpresarekin eta arrez geroztik, administrazioarekin ez dugu inongo kontakturik izan. Gai asko ditugu lantzeko eta horiei buruz hitz egiteko bilerak eskatu arren, ez dugu baiezkorik jaso.

Landu beharreko gai guztiek urgentzia handia daukate:

Haurreskoletako Lanpostuen Zerrenda (HLZ): Horren arabera datorren ikasturtean haurreskola bakoitzean egongo den langile kopurua adosten da. Enpresak eman zigun lehen zirriborroan haurreskola txiki asko langile bakarrarekin uzten zituen. Egokia ez zela jakinda, inongo zehaztapenik eman gabe, atxikimendu desberdinak sortu nahi dituela bota zuten (zonaldeka, lurraldeka edo…). Horren aurka gogor azaldu ginen.

Leku aldatze lehiaketa (LAL): 2018tik egin gabe dago, behin betiko langileen eskubideak urratuz. Horretarako, ezinbestekoa da HLZ adostua izatea. Gainera, beste sektoreetan egondako sententzia batzuen ondorioz, araudia egokitu behar da deialdia egin baino lehen. Prozesuaren berezko epeak errespetatu ahal izateko, denboraz larri gabiltzala esan dezakegu.

Egonkortze prozesua: Martxan dago. Onartuen behin-betiko zerrendak publikatu dira eta gaur, hilak 4, betekizunak eta alegatutako merituak egiaztatzeko epea ireki da. Dokumentazioa igotzeko epea maiatzaren 17an bukatzen da. Hala ere, prozesu honen inguruan dugun ezjakintasuna eta informazio falta oso larria da.

Langileen inguruko prozesu guzti horiek aurrera eraman behar diren bitartean, 2023-2024 urteko haurren izen emate prozesua daukagu. STEILAS sindikatuan oso arduratuta gaude izen emate baldintzatu horrekin, hala nola, haurreskolen ordutegiekin eta haurren onartze irizpideekin.

Bestalde, aldi baterako ezintasun egoeren kudeaketan (bajak) ere aldaketak eman dira. Enpresak haurreskoletara kudeaketarako araudi bat bidali zuen eta honen inguruko ekarpenak bidali genizkion. Baina, berriz ere, ez dugu erantzunik jaso.

Horregatik guztiagatik, prozesu horien inguruan dagoen ezjakintasuna salatu nahi dugu; gu arduratuta gaude eta landu nahi ditugu, baina enpresak ez du jarrera berdina agertu. Aldaketa handiak datozen urte honetan, ziurgabetasun egoera hau ez da onargarria.

Azalpenak, elkarrizketa eta negoziazioa ezinbestekoa dira langileen lan baldintzak hobetzeko bidean, hori ezean, ekimen ezberdinak egiteko aukerak baloratuko ditugu.