Kaixo STEILASkide,

STEILASetik salatu nahi dugu, beste murrizketen artean, konplexutasun handiko ikastetxeetan baliabideak murrizten ari direla. Zuzendaritzek jakin berri dutenez, orain arte izan dituzten kreditu doikuntzak murriztu egin dira. Dirudienez, ikastetxeei azaldu diete murrizketa hau sindikatuokin sinaturiko akordioaren ondorio dela. STEILASetik argi utzi nahi dugu hori ez dela horrela; maitzaren 26an sinatu genuen akordioa baliabide gehigarriak ezartzeko zen. Akordio on bat izanik, haien erabaki murriztaileek egoera honetara eraman gaituzte.

Argi gelditzen da berriro ere Hezkuntza Sail honek bere eskumen zuzenekoa den Euskal Eskola Publikoarekiko duen begirune falta. Legebiltzarrean eta komunikabideetan integrazioaz eta ikasle zaurgarriez hitz egiten duen bitartean, gehien behar duten ikastetxe eta ikasleei murrizketak ezartzen dizkie. Gainera, jakin dugu zuzendaritza batzuen plantoaren ondorioz Hezkuntza Sailak banakako bilerak gauzatzeko asmoa duela zuzendaritza horiekin, irtenbideak ikastetxe guztientzat izan behar du, eta ez banakako batzarretan egositakoa. STEILASetik berresten dugu ez dugula horrelakorik onartuko eta ikastetxeekin batera borrokatuko dugula murrizketa hauek sahiesteko.