Gure herriko kaleetan LGTBIQ+ lehenengo manifestazioa  egon zenetik 45 urte pasa dira. 1978. urtean dena lortzeko zegoen, eta lortuko zelaren ilusioarekin atera ziren kalera. Garai horretan “alfer eta gaizkileen legea” indarrean zegoen arren, kalera atera ziren, beldurra, aldarrikapen eta borrokan bilakatuz. Urteak joan urteak etorri, pixkanaka-pixkanaka eskubideak lortzen hasi ziren, hurrengo belaunaldietako LGTBIQ+ pertsonen bizitzak  ikusgarriagoak bihurtuz. 

Bidea ez da erraza, eta bidean Estatuak, hetero-kapitalismoaren arauetara egokitu litezkeen aldarrikapenak bereganatu ditu, normalizaziorako bidean egokiak izango ziren legeak onartuz. Dena den, egiari zor, lege hauek pertsona askoren bizitzak hobetu ditu, baina ezin dugu ahaztu ere, lege ausartagoak proposatu direnean sortu duten eta sortzen ari diren zalaparta itzela.

Azken urteetan kapitalismoak (edo gay-kapitalismoak hobeto esanda) gure aldarrikapenak bere mesedetan erabili ditu, eta honekin batera, jendartean dena lortuta dagoelaren sentsazio faltsua saldu du, borrokaren  desmobilizazio batera eramateko nahiez;  Zenbat aldiz entzun behar izan dugu,” bueno eta orain zer gehiago nahi duzue? Ez duzue nahikoa hala?”

Honen aurrean ahots disidenteak egon dira; urtez-urte hetero-kapitalismoari men egitea izan litezkeen arriskuak behin eta berriro esan dutenak, jakinda, sistemak ez digula ezer oparituko bere mesedetan ez bada, eta kapitalismoan pertsonek bizitzerik ez dutela, mounstruoa elikatzeko ez bada. 

Aurrerapausuak egon dira, batzuentzat azkar izan badira ere, beste batzuentzat berandu heldu dira, baina egia da, askeago bizi garelaren sentsazioa zabalduta dagoela gazte askoren artean, eta hori lorpen izugarria dela ukaezina da.

2023. urtean gaude, eta kaleak betetzen jarraituko dugu. Argi daukagu, gero eta gehiago zabaltzen ari dela  LGTBIQ+ taldeek urtez urte bidali dugun mezua; 

“ nekez lortutako eskubideak azkar galdu ahal ditugu”

Datozen hauteskundeetan, eskuina eta ultraeskuinak lurralde askotan irabazteko aukerak dituztela, eta hori gertatzen denean LGTBIQ+ pertsonenganako gorrotoa areagotzen da.

Hortaz ez dakigu zein testuinguruan hasiko dugun ikasturtea, bitartean ekainaren 28ko  mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu eta  ondoren 

“Aske izan oporretan” aske izatea daukagun aldarrikapen indartsuena baita!