LOSUren ezarpenak hainbat aldaketa ekarriko ditu irakasleon lan-baldintzetan. Orain arte ikusitakoagatik, ez bereziki onerako. Ordezko irakasleena da horren adibiderik behinena. Ordezkapenak egiteko orain arte erabilitako Bitarteko irakaslearen lan-baldintzak nabarmen okertuko baititu ordezko irakaslearen irudi berriak.

EHU, LORUaren oso interpretazio hertsi eta mugatua egiten ari da. Ordezko irakasleak finkatzen dituen 80.artikuluan, haiek irakaskuntza lanetarako bakarrik kontratatu daitezkeela esaten da, baina inon ez da ezartzen derrigorrez arduraldi partzialean kontratatu behar direnik. Hain zuzen ere, EHUk berak kontsideratzen du posible izango dela bakanteak edo hutsik geratutako lanpostuak arduraldi osoko kontratuekin betetzea. Zergatik ez, orduan, orain arte bezala, bestelako kasuetan ere, hala nola, baja edo lizentzien kasuetan? EHUk 2010ean sindikatu gehienekin sinatu zuen lan-hitzarmenak tresna nahikoak zehazten ditu horretarako. Are gehiago, arduraldi partzialean kontratatutako irakasleen soldata injustu eta lotsagarriak hobetzeko tresnak ere eskaintzen ditu, horretarako borondatea edukiz gero.

STEILASek ez du onartzen EHUk LOSUren ezarpenaren aitzakiarekin hartu duen murrizketen bidea. Honek guztiak, gainera, ondorio argiak izango ditu irakasle guztion lan-baldintzetan: bajak eta lizentziak betetzea zailduta eta mugatuta, lankideok hartu beharko ditugu, askotan, bete gabe geratuko diren irakaskuntza lanak.

Honen aurrean eta askotan aipatu bai, baina urtetan gauzatu ez den balizko Plantillaren Plan Zuzendariaren zain segitzen dugularik, EHUri eskatzen diogu LOSUren ezarpenaren baldintzen inguruko negoziazio zintzo bat, ez dadin haren aitzakian irakasleon lan-baldintzen prekarizazio eta gaiztotzea gertatu.

Ordezko irakasleak hasi dira mugitzen eta bihar, asteartearekin, goizeko 9:30ean Bizkaia Aretoaren atarian kontzentratuko dira, EHUko Klaustroaren aurrean. STEILASetik bertan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Prekarizaziorik ez! Lan-baldintza duinak irakasle eta ikerlari guztientzat!