UPV/EHUk ikasturteari hasiera emateko ekitaldian LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok kontzentrazioa antolatu dugu, EHUn dauden prekarizazio eta diskriminazio egoerak salatzeko, baita EHUrako finantziazio nahikoa eskatzeko ere. EHUko irakasle-ikertzaile kolektiboko langile askoren lan egoerak kritikoak dira. TEKAZEL arloko langileen prekarietate maila ere, izugarria da. LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok zuzendaritza taldeari eta Eusko Jaurlaritzako arduradunei egoera onartezin horiek aldatzeko neurriak har ditzaten eskatuko diegu.

UPV/EHUn dauden arazo kronikoei beste bat gehitu zaie Irakasle-Ikertzaileen arloan. Ordezkapen politika jada murriztua bazen ere, orain gehiago okertzera jo du. USLO (LOSU) dela eta UPV/EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izan behar direla, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleenak salbu.

Ordezkapen politika berriak ondorio larriak izango ditu irakasle-ikertzaile guztiongan:

– lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handituz, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 €tik beherakoa izango da,

– ordeztu eta estali gabeko kreditu kopuruak handituz, irakasle guztion irakaskuntza zama ere gogortuz,

– irakaskuntzaren antolaketa lana zailduz Sailei, irakaskuntzaren beraren kalitatearen kontura zenbait kasutan (handituko dira, besteak beste, ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, irakasleek denborarik gabe prestatu beharko dituzte irakasgaiak, eta gainera askotan, gaian adituak ere ez direnak izango).

Honen aurrean, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok ondorengoa exijitzen dugu:

1. Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak lanaldi osoko kontratuekin betetzea.

2. Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lan-poltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.

3. Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea.

4. Eusko Jaurlaritzari, zehazki, eskatzen diogu, eman diezaiola EHUri USLOk ezarritako ordezko irakasleen irudi berria aurreko baldintzen arabera interpretatzeko behar duen babes politiko-juridikoa. Baita, modu esanguratsuan gehitzeko ere EHUri bideratutako finantziazioa langile guztientzako lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko. UPV/EHUko zuzendaritzak ere finantzazio gehigarri horren alde publikoki irmoago lan egin beharko lukeela uste dugu.

Guzti horregatik Irailaren 13an, asteazkena, 11:00etatik 11:30etara UPV/EHUko Gasteizko Campuseko Letren fakultatearen sarrera nagusiaren aurrean elkarretaratzea egingo dugu.

Oso garrantzitsua da ikasturte hasiera honetan gure aldarrikapenak ozenki zabaltzea. Han elkar ikusiko dugulakoan, jaso ezazu agur bero bat.

EHUko langileen prekarizazioari eta diskriminazioari ez! UPV/EHUko finantziazio nahikoa bermatzeari bai!