Prentsa ohar honen bitartez, STEILAS sindikatuak, hasi berria den ikasturte hasiera honetan Hezkuntza Sailaren ikastetxe publikoekiko planifikazio falta eta utzikeria politikoa salatu nahi du.

Urtero, egun hauetan ohikoa da komunikabideek ikasturtearen hasieraz galdetzea. Azken egunetan, eskola publikoan Araban eta Bizkaian autobus garraioak sortu dituen buruhausteak zabaldu badira ere, hau Hezkuntza Sailaren kudeaketa txarraren icebergaren punta besterik ez da.

Hiru urte pasa dira Sailburu berriak eta bere lantaldeak EAEko Hezkuntza Sailaren lema hartu zutenetik, beraz, 100 kortesia egun soberan pasa dira eta dagoeneko hasiberritan “onargarriak” izan zitzaketen okerrak zuzenduta egon beharko lirateke. Zoritxarrez ez da halakorik gertatu, eta aurrera egin beharrean atzera egin dute. Aldebakarreko erabakiak, legeen urraketak, urteko ohiko prozeduren kudeaketa txarra, lurralde ordezkaritzen deuseztatzea, …

Ikasturtea hala nola hasi da. Ikastetxeetan irakasleak falta dira baina hau ez da notizia bat, zoritxarrez ikasturte hasierako klasiko bat bihurtu delako. Baina honen kudeaketa nolakoa izan da?

Ikasturtea hasi baino lehen ikastetxeak irakaslez hornitu behar dira baina horrek ibilbide bat dauka. Lehendabizi ikastetxeak hornitzeko irizpideak adostu behar dira, horretarako interesatuei behin behineko dokumentua helarazten zaie eta alegazioak jaso ondoren behin betikoa adosten da. Irizpide horiekin ikastetxeen behin behineko lanpostu zerrenda egiten da eta alegazioak jaso ondoren behin betikoa. Hezkuntza Sailean lan talde berria sartu denetik, hezkuntza eragileek ez dugu ikastetxeak hornitzeko irizpideei alegaziorik sartzerik izan eta hau gutxi balitz, behin behineko lanpostu zerrendei alegazioak sartzeko aukera eman zaigu irailak 15a baina lehen, hau da, irakasle guztiak dagoeneko lanean ari direnean! Esleipenak behin behineko zerrenden gainean egin dira!

Ikastetxeen baliabide pertsonalen kudeaketa txarra adibide bat besterik ez da. Gaur, irailak 13 izanik, 800 ikastetxe eta 160.000 ikasleren ikasketak bideratzen dituen Ikasturte Hasierako Ebazpenak publikatu gabe daude. Instrukzio hauek, ebazpen bidez argitaratzen direnak, ezinbesteko tresnak dira ikasturte bati hasiera emateko, hezkuntza antolaketari eta plangintzari buruzko alderdiak lantzen baitira.

Ezina, utzikeria edo apropos landutako estrategia? Kasualitatea al da kaltetuak ia beti publikoko familiak, ikastetxeak edo langileak izatea?

Matrikulazioa, Lan Akordioa, Curriculuma eta Konpetentzia Digitala ikastaroa, ikastetxeen kudeaketa, ohiko prozedurak (EPE, LAL, …), eskola garraioa, Hezkuntza Legea, … Egun dugun Sailak ukitzen duen guztia hondatzen du, familiak eta langileak haserraraziz. Eta bitartean Sailburua gezurretan dabil, kudeaketa txarraren errua besteei botaz.