Urriaren 24rako greba deitu dugu EAEko hezkuntza publikoan, beraz, hezkuntzako langileen lan-baldintzen alde, urriaren 25 eta abenduaren 19rako EAEko Sektore Publiko osorako egindako greba deialdiari beste greba egun bat gehituko zaie.

Gaur bildu garen sindikatuok (STEILAS, ELA eta CCOO) hezkuntzako langileen lan-baldintzen hobekuntza dugu helburu, ez baitugu zalantzarik hori dela modu eraginkorrena zerbitzu publikoak indartzeko, baita Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzeko ere.

Aldarrikapen asko ditugu; esate baterako, lan-zama arintzeko neurri zehatzak behar dira, zeharo handitu den burokratizazioren aurrean kudeaketarako lan ordu gehiago islatu behar dira ordutegietan eta era berean, egungo ikasleen errealitateari erantzuteko baliabide gehigarriak behar dira. Aurreko hori guztia gutxi balitz, administrazioak langile eta ikastetxeekiko zituen arreta zerbitzuek ez dute funtzionatzen, Saila bunkerizatu egin da, eta langile eta ikastetxeak abandonatuta daude.

Galdu dugun %20ko eros-ahalmena berreskuratzeko unea iritsi da behingoz. Bada baita gure plantilak gazteberritzeko garaia, bai erretiroa aurreratuz bai eta langile guztientzat jardunaldiaren murrizketa errealak gauzatuz. Premiazkoa da lanpostuak egonkortzea eta plantilak estrukturalizatzea, hau baita bide bakarra lanpostu suntsiketa saihesteko. Behin-behinekotasun erreala %8ra jaistea exijitzen dugu. Gainera, ez dezagun ahaztu langileen egonkortasuna ikastetxearen mesederako dela eta finean hezkuntza kalitatean eragin zuzena duela. Horretarako EPE eredua eguneratzea eta deialdiak sindikatuokin adostea eskatzen dugu, baita langileak beren lanpostuetan kontsolidatzeko berariazko prozesuak ere.

Hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiarazi behar dira, euskararen etorkizuna ezin baita mugatu ikastetxearen hizkuntza proiektuetara. Horrekin batera hezkuntzako langile guztiak euskalduntzeko plangintza adostu behar dugu.

Jarraian, azkenekoa baina ez gutxienekoa. Hezkidetza proiektu errealak behar ditugu ordu kreditu nahikoarekin hornituta, bizikidetzan eta berdintasunean eragiteko, eta horretarako ikastetxe guztietan egonkorra den pertsona aditua behar dugu; izan ere, matxismoa borrokatzeko tresna aparta baita gure Euskal Eskola Publikoa.

Eta hau guztia negoziazio erreal baten ondoren, Lan Hitzarmen sektorialetan jasotzea nahiko genuke.

Azken hamarkadan beraz, Hezkuntzako langileon lan baldintzak okertzen joan dira eta Hezkuntza Sailaren aldebakarreko erabakiak nagusitu dira.

EAErako Hezkuntza lege proiektuaren testuinguruan ezagutu ditugun lan baldintzen inguruko akordioek ere ez dute zehaztasunik, ez dira nahikoak eta gaur hemen aldarrikatzen ari garen edukiei ez diote erantzuten.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari langileen egunerokoa eta bizi baldintzak kaskartzen dituzten erabakiak eta hezkuntza politika prekarizatzaile eta pribatizatzailea alboratzea eskatzen diogu. Euskal alderdi guztiei berriz hezkuntzako langileon lan baldintzak hemen erabaki ahal izatea ahalbidetzeko; horretarako Madrileko aurrekontuetan ezartzen diren mugak ontzat ez emanez eta EAEko aurrekontuetan langileon erosahalamena berreskuratzea, enplegua sortu eta egonkortzea zein langileon lan baldintzak hobetzea ahalbideratuko duten aurreikuspenak adostuz.

Horregatik guztiagatik, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuok urriaren 24ean grebara deitzen ditugu hezkuntza publiko ez unibertsitarioan dauden ondoko sektoreak: irakasleak, heziketa bereziko langileak , sukaldariak eta garbitzaileak. Esan moduan, gure helburua hemen azaldu ditugun aldarrikapenen benetazko negoziaketa erreal bat gauzatzea da. Hori gertatu ezean, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu.